Zuzendaria: Yannick Nezet-Seguin. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urriak 13.
Arkaitz Mendoza
Ikasturte hasieran eguneroko martxara egokitzea betebehar gaitza da denontzat. Oraingo honetan, ganbera musika hain mamituta eta barneratuta daukan orkestra europarrak belarrondoko atsegin bat zartatu digu Kursaaleko entzuleoi. Guztiz esnatu gaitu fundazioko denboraldi hasiera honek, kontzertu atsegin, paregabe eta zoragarri batekin. Dotorezia, indarra, jakinduria eta emanaldi amaieran izerditan amaitzeko prest dauden musikariak ez dira askotan biltzen entzunaldi bakarrean. Zuzendari kanadar gaztea esandakoaren adibide izan zen, lidergoa fintasun eta adoretsu gauzatu baitzuen, behin eta berriro orkestra ziztatuz, erosotasunean eror ez zedin.
Klasizismo garaiko interpretazioak erreferentzia aipagarri izan dira orkestra honen hiru hamarkadetako ibilbidean, eta agertutako Schuberten Sinfonia tragikoa eguneroko jaki bilakatu da musika talde horrentzat. Claudio Abbadorekin Schuberten sinfonia zikloa aztertu eta gero, zuzendari bakoitzak bere xehetasunen aztarna islatu nahi izan du orkestra gazte horretan, bai esaldikatze adierazpenetan, bai osotasunaren egitura trinkoan. Nezet-Seguinek freskotasuna nabarmendu nahi izan zuen, hari taldea arin mantenduz eta betiere pisutsu bihurtzen diren txatalei apurka-apurka gramoak kenaraziz.
Musikarien arteko elkar entzutea izugarri garatuta daukate orkestrakide horiek, zuzendaririk gabe behin baino gehiagotan ikasten aritu diren seinale. Mozarten 39.Sinfonia-n energia eta indarra kontra etorri zitzaizkion zuzendariari. Orkestra lagundu ezean, eragingailua gehiegi astindu zuen, eta itota sumatu genuen bai haria eta bai haize taldea. Kontzentrazio huts ergelak azaleratzen hasi ziren, hara hor hasierako tinbalaren aurrerapausoa podiumetik zetorkion mezua zehaztugabea zelako edota Allegro-ko tempi aldaketa eroak, entzulearen barne erritmoa zorabio zentzugabean irauliz. Schumannen 2.Sinfonia-n hari talde mugatuegia azaldu zuen orkestrak, eta oreka aldetik lehen biolin gehiagoren falta sumatu nuen. Baina kalitate gorena ordu parean lilura osoz mantendu zuen orkestrak, osasun paregabean dagoen punta-puntako talde jakituna dela frogatuz.
Belarrondoko atsegina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu