HILBERRIA

Benedict Anderson, komunitatearen irudikatzaile

80 urte zituela hil da nazionalismoaren teoriko nagusietako bat.

jon olano
2015eko abenduaren 14a
15:55
Entzun

Zer da nazioa? zer nazionalismoa? nazioak sortzen du nazionalismoa, ala alderantziz? hamaika izan dira galdera horien inguruko eztabaidak, eta horiei erantzuteko azterketa sakona egin zuen Benedict Andersonek (Kunming, Txina, 1936 - Java, Indonesia, 2015). Cornell Universitatean irakasle emeritua zen, eta lotan zela zendu zen larunbatean.

Nazioaren definizioa zenbait zutaberen gainean eraiki zuen, aurreneko aldiz 1983an argitaratutako Imagined communities. Reflections on the Origin and the Spread of Nationalism liburuan; "irudikatutako komunitate politiko mugatu eta subiranoa" da nazioa, haren hitzetan.

"Irudikatua da nazio txikieneko kideek ere ez dituztelako ezagutuko naziokide gehienak, baina beren buruetan komunitate bereko parte direlako", idatzi zuen Andersonek.

Bi ildoren artean ireki zion bidea Andersonek komunitate irudikatuaren kontzeptuari. Batetik, nazioak berez eta giza historiaren sorreraz geroztik existitzen direla defendatzen duten teorien aurrean; bestetik, nazioak eraikuntza sozialak direla oinarri hartuz, horiek faltsuak edo asmakizunak direla argudiatzen dutenen aurrean. Irudikatze horrek, ordea, ez du esan nahi komunitateak existitzen ez direnik, Andersonek azpimarratu zuenez: “Komunitateak ez dira beraien faltsutasun edo legitimitatearengatik bereizi behar, baizik eta imajinatzeko duten eragatik". Irudikatuak izanagatik, errealitateak sortzen dituzte, Andersonek azaldu zuenez.

Irudikatutzat definituta, Anderson bat dator nazioak eraikuntza sozialak direla eta, beraz, garai historiko zehatz batean sortu zirela —aparteko garrantzia eman zion literatura idatziaren garapenari, nazionalismoen zabalkuntzan ezinbesteko papera jokatu zuelakoan—. Gainera, nazio oro mugatua irudikatzen dela erantsi zuen, "handienean ere, beste nazio batzuekiko mugak" irudikatzen direlako: "Ezein naziok ez du bere burua gizateria osokoa irudikatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.