Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileak goraipatu ditu Josean Bengoetxea aktoreak: "Maitasun handia jartzen dute haien lanean. Beraien sentsibilitate puntura iristen bazara, sekulakoa da". Itziar Aizpuru, Itziar Ituño eta Nagore Aranbururekin batera agertzen da Bengoetxea film horretan. Sail Ofizialean lehian izango da.
Los tontos y los estupidos filmean Roberto Caston zinemagilearen (Ander) esanetara aritu da Bengoetxea. "Antzerkitik gertu gaude filmean, atzealdean ez baitago lokalizaziorik. Aktoreen lanari garrantzia handia ematen dio Castonek. Kamera jartzen du, eta askatasuna ematen digu aktoreoi".
Lasa eta Zabala filmean rol txiki bat du Bengoetxeak. Nabarmendu du "errespetu handiarekin" egin dela filma, gidoilari eta zuzendariaren aldetik. "Lasa eta Zabalaren senideekin ere hitz egin zuten".
Negociador filmean, Borja Kobeagaren zuzendaritzapean aritu da aktorea. ETA eta PSOEren artean izandako negoziaziazioak ditu ardatz. "Baina komedia bat da. Umore fina erabiltzen du Kobeagak, bere beste film batzuetatik oso ezberdina den umorea", esan du Bengoetxeak.
Saioko bigarren elkarrizketatua Beñat Beitia animazio zuzendaria izan da. Igandean Belodromoan bere azken lana estreinatuko dute: Dixie eta matxinada zonbiea. "Oso pozik" azaldu da, Velodromoan filma estreinatzeagatik. AEBetako animazioa "beste liga batean" dagoela nabarmendu du, "nahiz eta tresna berdintsuak erabili". Aurrekontu txikiagoekin lan arrakastatsuak lor daitezkeela uste du, hala ere, animazio zuzendariak.
Zurriolako butaka saioan Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren hitz batzuk jaso dituzte, euskaraz. Loreak filma goraipatu du: "Oso polita eta dotorea da".
Denzel Washington eta Dorothy Arznerri buruzko bideo bana ere egin dituzte Zurriolako butaka-ko lehen atalerako.