Iritsi da Patxo Telleria, Joseba Apaolaza gero, eta haien atzetik beste zenbait aktore. Soinujolearen semea eleberriaren antzerkirako egokitzapena izango dena entseatzen ari dira denak Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean, Gipuzkoan, Fernando Bernuesen (Donostia, 1961) aginduetara. Datorren azaroa edo abendua arte, Europako kultur hiriburutzaren proiektua gidatuko duen fundazioa eratu bitartean, Donostia 2016 bulegoko kultur zuzendaria izango da. Baina ez da tren horretara igo «aurreneko geltokian jaisteko». Iruditzen zaio hiritarrak zerbaiten «zain» daudela, eta programazioari «bihotz bat edo birika bat» eman behar zaiola funtzionatzen hasteko. Galderei gaztelaniaz erantzun die. «Betiereko euskaldun berria naiz, baina ez dut euskaraz nahi bezain ondo hitz egiten».
Donostia 2016 bulegoko kultur zuzendari izendatu berri zaituzte. Zer esanahi dauka horrek zuretzat?
Batetik, aukera bat iruditzen zait, erronka bat... Eta, bestetik, mereziko duen zerbaitegatik arriskatzen ari naizela ere sentitzen dut. Aldian-aldian parte hartu izan dut egitasmoan: eszenaratzeko orduan, epaimahaiaren aurrean aurkezterakoan, defendatzerakoan... Halere, inoiz ez nuen pentsatu azpiegituran bertan lan egingo nuenik. Egia da, egoera ekonomikoa, soziala eta politikoa kontuan hartuta, oso zaila dela epe ertainerako proiektuak planteatzea. Horregatik da 2016 interesgarria: hemen inguruan horretarako aukera ematen duen eremu bakanetako bat delako. Bertigo sentsazioa ere eduki dezaket batzuetan...
Zergatik?Arriskatzeaz hitz egin duzu... Zein zentzutan?
Tira, bertigoa... Arriskatzea da kudeaketa erronka zabal bati aurre egitea. Proiektuak oso balio interesgarriko helburuak ditu, baina horiek gauzatzeak badu, nolabait, ukiezintasun puntu argi bat. Proiektuaren jatorrizko dokumentuak ezagutzen ditut, eta beti pentsatu dut dokumentu horiek, balioak ekintza bihurtzea, kultur programa bilakatzea ez dela erraza.
Eskaintza egin zizutenean baldintzaren bat jarri al zenuen?
Batetik, esan nien ez nuela nire ibilbide profesionala bat-batean eten nahi. Proiektuak, edo nik proiektuan, edo nik eta proiektuak edukiko dugun garapenaren arabera, prozesuak gaindituko ditugu. Une honetan, baina, Soinujolearen semea eleberriaren antzerkirako egokitzapena lantzen ari gara. Hasteko, eleberria miresten dut, eta gauzak ongi egin nahi ditut. Eta, bestetik, produkzio hau berezia da, 2016ren arima izan behar duenarekin zerikusi zuzena daukalako. Izan ere, Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokiek, eta Eusko Jaurlaritzak ekoitzi dute antzezlana, Tanttaka Teatroa konpainiarekin batera. Iruditzen zait, hain zuzen, erantzunkidetasuna eta lankidetza dela daukagun bide bakarra, eta hori deskubrituz joan beharra daukagula.
Eta zuk zer eskainiko diozu proiektuari?
Uste dut proiektuaren balioak ondo kontzeptualizatu direla, eta aberastasuna, aniztasuna eta kontrastea daukan kultur programa bat egin nahi dela. Baina uste dut programa hori gauzatzen, ukigai egiten hasi behar dugula. Mekanismoak martxan jarri behar ditugu: ekintzak abiarazteko pertsona egokienak zeintzuk diren ikusi behar dugu, zein laguntzarekin, balioak ekintzei nola txertatu aztertu behar da... Proiektuen produkzio-aurrea martxan jartzea eta fundazioa osatuko duen lantaldea definitzen hastea eta horri dimentsio bat ematea dagokigu.
Lan artistikoa baino gehiago, kudeaketa lana egingo duzula dirudi.
Bietarik dauka, baina zentzu horretan gehiago du kultur kudeaketatik, sormen lanetik baino. Nire ibilbidean sorkuntzan ibili naiz batez ere, baina produkzioan ere lan egin dut dezentetan. Beraz, ez da hain langintza arraroa niretzat. Gainera, gogoko dut beste eremu edo beste kode batzuk irudikatzeko aukera izatea; beste modu batzuk imajinatzea ekintzak bultzatzeko, beste bide batzuk lotzeko, eratzeko.
Datorren azaroa edo abendua arte egongo zara karguan, fundazioa eratu arte. Denbora horretan, lauzpabost hilabetean, zer egin daiteke?
Nik proiektuaren garapenari aurre egingo dion taldea martxan jartzeko konpromisoa hartu dut. Horrek ez du esan nahi gero jarraituko ez dudanik, baina hori da nire gutxieneko konpromisoa. Tarte horretan azpiegitura horretarako ezinbestekoak izan daitezkeen profilak, eta beharrezko esku hartze lerroak, zein programako ekintza gehienetarako erantzuleak defini daitezke. Puntu horretaraino bidera dezakegu urte bukaera bitarteko lana.
Hortaz, kultur edukiei buruzko langintza baino gehiago, sare lana egin behar da orain.
Bai. Oraindik ere ekintzak ez daude zehazki marraztuta. Baina horiek nola gorpuztu, horiei dentsitatea eta zentzua nola eman aztertzea dagokigu.
Eta fundazioa osatutakoan, lantaldean jarraitzea gustatuko al litzaizuke?
Ez dakit... Baina gisa honetako trenetan bat ez da horretara igotzen lehen geltokian jaisteko. Gauza asko hartu beharko dira kontuan: fundazio horren obligazioek dakartzaten lege ondorioak, proiektuaren egoera ekonomikoa... Aldagai asko daude, baina ni ez naiz proiektu honetan sartu bost hilabeterako. Dena den, egia da badela geltoki bat, eta bost hilabeteren ondoren gauzak inplikatuko dituela. Oso kontziente naiz. Kultur hiriburutzen prozesu askotan lan egin duen pertsona batekin hitz egin berri dut, eta esan dit gisa honetako egoerak, unearen arabera, ia beti errepikatzen direla prozesuetan. Hemen, ez dakit, angustiaz bezala bizi da zuzendaria aldatzea adibidez...
Angustia hori hiritarrengan nabaritzen al duzu? Zer iritzi daukate proiektuari buruz?
Une honetan iruditzen zait zerbaiten zain bezala daudela. Normala da. Proiektuak zenbait fase eduki ditu, baina orain proiektua antolatzea, egostea dagokigu. Uste dut orain jende askok sinesten duela proiektuan, ilusionatuta dagoela, eta gauden bezala egonda ere, bizitza beste modu batekoa izatea nahi duela.
Eva Salaberria 2016 bulegoko zuzendari kudeatzaileak orain dela bi hilabete esan zuen proiektua ez zela ulertu behar, bizi baizik.
Egia da proiektuaren kontzeptualizazio lana oso bizia eta garrantzitsua izan dela. Baina, agian, egia da proiektuaren itzulpen biziak ez duela izan behar inguratze analitiko bat. Izan behar du bizipenetatik, zentzumenetatik, sentimenetatik eta arrazionaltasunetik egindako elkartzea.
Ez duzu uste jendea ekintza horien zain dagoela?
Normala da jendeak nolabaiteko antsietatea edukitzea. Esaera zaharrak zera dio: «Zain dagoena desesperatu egiten da, eta ibiltzen denak ezin du gehiago». Kanpoan jendeak proiektua arnastu nahi du, eta barruan, berriz, hainbeste gauza daude egiteko... Pertsonalki, uste dut (eta nahi dut), proiektuak berehala hasi behar duela ekintzak sortzen. Iruditzen zait, ez dakit, birika bat edo bihotz bat eman behar zaiola, funtzionatzen hasteko. Ez daitezela kontu handiak izan, baina izan nahi duenaren lurrina eman diezaiotela proiektuari. Gustatuko litzaidake, era berean, egoitza eskuragarriago jartzea hiritarrentzako. Askok ez dakite non dagoen...
Eta lauzpabost edo hamar urte lan egiteko modu horiek eraldatzen hasteko tarte nahikoa al da?
Ea. Oso zuhurra naiz artea edo kultura pentsamendua eraldatzeko elementu gisa kontsideratzerako orduan. Baina Juan Rulfok esaten zuen 1.000 diskurtsok ez dutela pentsamendua aldatuko, baina zerbaitekiko emozioa pertsonal bizi batek bakoitzak munduarekiko daukan pertzepzioa alda dezakela.
Fernando Bernues. Donostia 2016 bulegoko kultur zuzendaria
«Berehala hasi behar dugu ekintzak sortzen»
Haren lanak gehiago du kudeaketatik, sormenetik baino. Proiektuaren garapenari aurre egingo dion taldea martxan jartzea dagokio hurrengo lauzpabost hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu