'Bereterretxeren Khantoria' abestiaren jatorria IV. mendean kokatu dute

Khantoria taldeak 'Bereterretchen oinatzak' ikerketa aurkeztuko du hitzaldi-kontzertuekin

Ander Berrojalbiz eta Maider Lopez, atzoko aurkezpenean. JON URBE / ARP.
Bilbo
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bereterretxeren Khantoria abestia hainbat zatiz osatutako kanta dela ondorioztatu du Khantoria taldeak Bereterretchen oinatzak izeneko ikerketa lanean, Ander Berrojalbiz taldekideak atzo Bilbon egindako aurkezpenean azaldu zuenez. Landutako hipotesiaren arabera, abestia XV. mendekoa bada ere, litekeena da lehenengo bertsoa IV. mendekoa izatea. «Abestia eta letra garai jakin batean konposatu ziren, baina melodiak mendeetan zehar bidaiatu egiten du. Elizako liturgietan gertatzen zenez, elizkizun batetik bestera aldaketa txikiak egoten ziren», nabarmendu zuen Berrojalbizek. Ikerketa gaur aurkeztuko dute hitzaldi-kontzertu baten bidez, Durangoko Kurutze museoan 19:00etan.

Taldekidearen ustetan, jatorriko musika eta gaur egungoa ez dira guztiz berdinak, denboraren poderioz moldaketak egon baitira: «XIX. mendean agertzen da lehenengo iturri idatzia. Ordu arte kantuak ahoz aho transmititzen ziren. Aldaketak egon arren, hasierako zatia bera da». Hala ere, urteen eraginez erritmoari dagokionez moldaketak egon direla uste dute.

Abestiaren sorburua Zuberoan dago. Bertan bizi edo egondako eliz mundua ondo ezagutzen zuen norbaitek entzun eta gordea da. Mikel Laboak eta hedabideek egindako lanari esker, egun Euskal Herri osoan ezaguna dela adierazi zuen Berrojalbizek. Era berean, gaiari dagokionez, jauntxo baten hilketari buruko kontakizuna dela azaldu zuen.

Informazioa biltzeko iturri askotara jo dutela jakinarazi zuen. Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia-k edo Resurreccion Maria Azkuek iragan mendean egindako ikerketekin hasi, eta liburutegietako artxibo edo katalogoak ere aztertu dituzte datuak aurkitzeko. Hala ere, Erdi Aroko iturriak jasotzeko orduan zailtasunak izan dituztela gaineratu zuen musikariak: «Euskal Herrian Erdi Aroko informazio gutxi dago, baina doktorego tesi bat aurkitzeko zortea izan genuen».

Musika eta azalpenak

Khantoriak burutu duen ikerketa Euskal Herriko hainbat txokotan egongo da entzungai. Horretarako, ordubete inguruko iraupena duen hitzaldi-kontzertuak antolatu dituzte. «Guk, musikaz gain, mintzaldi bat ere eskainiko dugu, jendeak ikerketaren atzean dagoen istorioa ezagut dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.