Kultura

Berlinalen Arte eta Entseguaren Saria jaso du gaur 'Ander' filmak

Berlingo zinemaldian 'Panorama' sailean lehiatu da Roberto Caston galiziarrak homosexualitateaz euskaraz errodaturiko lana.

2009ko otsailaren 14a
18:05
Entzun
Berlinalen Arte eta Entseguaren Saria jaso du gaur Ander filmak. Roberto Castonek zuzendutako lana Panorama sailean lehiatu da Alemaniako hiriburuko zinemaldian. Filmak euskal baserri giroan kokatutako sexu askatasunaren gaineko istorioa kontatzen du. Berdinduk, lesbiana, gay eta transexualen arretarako Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak, bultzatutako proiektua da, eta homosexualitatearen normalizazioa du xede.

Euskaraz filmatutako homosexualitateari buruzko lehen film luzea da Ander. Hala ere, gaztelerak ere badu presentzia filmean, zuzendariaren aburuz, istorioak hala eskatzen duelako. 2009ko Zinegoak, Bilboko gay-lesbo-trans nazioarteko zinemaldian estreinatu zen iragan urtarrilaren 30ean, Arriaga antzokian.

Filmaren istorioa

Bizkaiko Arratia harana da istorioaren agertokia. Ander, 40 urteko baserritarra, Joserekin, Perutik etorritako immigrante batekin, maiteminduko da. Baserri giroan eta ohitura eta balore tradizionalak errotuta dauden familia batean kokatu du, hain zuzen ere, sexu askatasunari buruzko lan hau zuzendariak. "Film honen helburua probokatzea da; konfrontazioa eta eztabaida bilatzen du jendearen kontzientzian eragina izan dezan", dio Castonek.

Homosexualitateaz film gutxi egiten dira, eta are gutxiago egiten dira euskaraz eta bizimolde hiritarretik urrunduta. Zuzendariaren ustez, herri txiki batean gay izatea hirian baino zailagoa da. Hutsune hartatik jaio da Ander filma. Berdinduren eskaera, Euskal Herrian kokatutako gay, lesbiana eta transexualen gaia jorratzen zuen film soziala egitea izan zen, eta Castonek baserri giroan kokatzea erabaki zuen, gizarte mota hori zurrunagoa izaten baita aldaketen aurrean.

Aurretik egindako filmen artean La Muerte de Mikel (Mikelen heriotza) izan zen, 1980ko hamarkadan, Imanol Arias protagonista zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.