Argitaletxe nagusiek eman dute dagoeneko hurrengo asteetan eta hilabeteetan Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruaren garaian argitaratuko dituzten liburu nagusien berri. Nahiz eta beti izaten den azken orduko argitalpen iragarri gabekorik, aurtengo udaberriko labealdiaren nondik norako nagusiak ezagutzeko, edo gutxienez barrundatzeko, aukera ematen du iragarpenen zerrendak.
Udaberriko labealdia, Durangoko Azokaren inguruko uholdeari txanda hartzen diona, hasita dago jadanik, programatutako liburuetako batzuk liburu dendetara iritsita baitaude. Hori da Karmele Jaio, Peru Magdalena, Leire Bilbao eta Joxemari Iturralderen lanen kasua, adibidez; eta itzulpenen arloan, Paul Auster, Danilo Kis eta Dorothy Parkerren liburu berri bana dago jadanik plazan.Generoei erreparatuz gero, ohiko indarra dute nobelagintzak eta ipuingintzak, baina poesian ere ez da urria iragarritako produkzioa. Poesiaren arloan, idazleen eskuetatik irtendako poemategi berrien ondoan, hiru edizio apailatu daude, hirurak Susa argitaletxeak iragarriak. Horietako bat Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra da; Izagirrek idatzitako kantu-hitzak biltzen ditu, batzuk dagoeneko kantatuak eta are grabatuak ere, beste batzuk oraindik inork musikatu gabeak.
Interes handiko berrargitalpenak
Interes handiko berrargitalpen zuzendu eta osatuak ere badira iragarritako liburuen zerrendan: Joxemari Iturralderen Nafarroako Artizarra (atzo aurkeztua) eta Joseba Sarrionandiaren literatur ibilbidean garrantzi handia duten liburu bi: Ni ez naiz hemengoa eta Ez gara geure baitakoak. Liburu horiek 1986an eta 1989an argitaratu ziren lehenengoz, hurrenez hurren.
Berriak eta berrituak
Narratibak nahiz poesiak ohiko indarra izango dute udaberriko liburu berrien labealdian, eta interes handiko berrargitalpenak izango dira, Joseba Sarrionandiaren liburu birena adibidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu