GAL 30 urte webgunea martxan dago duela hilabete batzuetatik, eta haren osagarri den liburua argitaratu berri da; urte hauetan GALi buruz jakin dena biltzen duen liburua. GALi buruz idatzi den euskarazko lehen liburua da.
Eider Goenaga GAL 30 urte liburuaren koordinatzaileak azaldu du liburuaren jatorria, urriaren 10ean GAL sortu zenetik 30 urte bete zirela eta martxan jarri zen webgune multimedian dagoela. Webgunea urriaren 15ean aurkeztu zen publikoki, eta han jasotako edukiak egokitu egin dira liburuan jasotzeko. “Lantalde handi batek parte hartu dugu webgunea prestatzen, berrogei bat lankidek. Hango informazioa liburuan jasotzeko apustua egin genuen; alde batetik, jendeak eskatu zigulako (Interneten nabigatzea zail edo urruti ikusten dutenek) eta, bestetik, GALen inguruko euskarazko libururik ez zegoelako”.
Joanmari Larrarte BERRIAko Marketin eta publizitate saileko arduradunak jakinarazi du euskaraz idatzi nahi edo idazten duenarentzat “oso tresna baliagarria” dela estilo liburua. Udaberriaz geroztik webgunean dago, eta orain haren oinarrizko dokumentazio bat liburura ekarri da.
Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunak azaldu du duela 23 urte, abenduaren 6an argitaratu zela lehenengo aldiz Euskaldunon Egunkaria, eta ordutik orain arte bildutako esperientzia guztia bildu dutela liburuxkan. “Han dago labur-labur, sintesi handia eginda, urte hauetan ikasi dugun guztiaren oinarria txukun eta erakargarri idazteko, oso formatu erosoan. Interneten dagoena kontsulta azkarrak egiteko da, baina lasaiago irakurtzeko, nik uste lan hau aukera-aukerakoa dela”.
BERRIAlagunei BERRIAren produktu gehienetan deskontuak egiten zaizkie. Aurten, bonu batzuk zozketatzen ari dira azokan gastatzeko hainbat argitaletxe eta diskoetxeren erakusmahaietan. Larrartek azpimarratu du datorren urteko egutegia izan ohi dela produktu arrakastatsuena.