Bertso korrika aurkeztu dute Bertsozale elkarteak, Korrikak eta bertso eskolek. Korrikarekin batera joango den bertso zirkuitua da, eta nagusiki ostatuetan egingo dute. Euskara ikasleen neurrira egindako saioak izango dira. Helburua euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzea da. “Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da".
Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten”, adierazi dute. Hala ere, bertsozaleentzat ere zabalik egongo dira.
Guztira 25 bertso eskolak hartu dute euren herrian saioa antolatzeko ardura; bertan 100 bertsolarik jardungo dute, plazaz plaza asko ibili ohi direnek eta gutxiago aritzen direnek bat eginez saioan.
Bertsolaritza euskara ikasleengana hurbiltzeaz gainera, Korrika girotzea du helburu, eta herriko bertsolari guztiei bertsotan aritzeko aukera eskaintzea.
Bertso Korrika zirkuitua 25 herri hauetan arituko da:
GIPUZKOA: Donostia, Larraul, Andoain, Lazkao, Arrasate, Lasarte.
ARABA: Kanpezu, Agurain, Gasteiz, Laudio.
BIZKAIA: Durango, Zornotza, Derio, Bilbo, Barakaldo, Algorta, Itzubaltzeta, Markina.
NAFARROA: Astiz, Iruñea, Lizarra, Elizondo.
LAPURDI: Azkaine, Itsasu, Hendaia.