Julio Soto. Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna

«Bertsoak ez du toki zentral bat nire bizitzan»

Bertsoari eta txapelketei «dagokien tokia» emanda iritsi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketara. Behin Nafarroako txapela jantzita, toki garrantzitsua dute oraindik, baina ez daude erdigunean.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Irurre
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Aitaren herria hautatu du propio elkarrizketarako Julio Soto Nafarroako bertsolari txapeldunak (Gorriti, 1987). Irurre anaia zenaren «tokirik kutunena» zen. Anaiarekin lotutako gauza eta toki guztiak dira «bereziak» harentzat orain. Larunbatean, Elizondon jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, txapeldunaren agurra eskaini zion, «inguru guztiaren partez».

Finalean ere anaia topatu zenuen?

Joan denetik hona beti topatzen dut, eta finalean bereziki topatu nuen. Sentitu nuen bien arteko zerbait izan zela larunbatekoa, biak geundela hor. Gainera, nirekin asko sufritu izan du txapelketetan, eta pentsatzen dut larunbatean ere sufrituko zuela beste era batean.

Animoan topatu zenuen ala ahotsean ere bai?

Denean, esango nuke nik. Oso sentipen bereziak izan nituen oholtzan: oso-oso nekatuta nengoen azken bi hilabeteetan jipoi handia eman diodalako buruari, bihotzari eta barruari, baina, aldi berean, bertsotan gutxitan aurkitu dudan kontzentrazioa eta sakontasuna ere aurkitu nuen. Berari esker izan zela iruditzen zait, berak lagundu zidala. Ahotsa nik jartzen nion, baina nire ahotsetik ateratzen ziren gauzak uste dut bien artekoak izan zirela.

Hori du gozotik zuretzat txapelak?

Anaiaren presentzia sentitu izana da larunbatekoak eman didan gauzarik handiena. Gurasoei eta ingurukoei ere poz txiki-txiki hau eman izanak ere badu gozotik. Horrelako poz txikiak ez dira ezer, baina beti laguntzen dute. Beste poz bat izan zen egiten dakidanetik gehiago egin izana, azkenaldiko saiorik bete samarrena egitea.

Finalaz gozatzeko zailtasunak izango zenituela jakinda, zer sentipen aurkitu nahi zenituen?

Txapelketa Nagusiko hain sentipen garratzaren ondoren, lan dezentekoa egin dut neure buruarekin adiskidetzen edo gauzak bere tokian jartzen. Azken bi urteetan okerreko leku bat eman diot bertsoari eta txapelketari, eta, aurten, zegokion tokia emanda iritsi naiz. Gertatu dena gertatuta, dena erlatibizatzen duzu. Egun hori bizi nahi nuen, oholtzan egon nahi nuen: unea bizi, bertsokideekin egon, jendaurrean jarri... Baneukan ilusioa bertsotan ongi egiteko. Ez neukan indarrik egun horrek ekarriko zidanari begiratzeko. Lezio handia eman dit aurtengo txapelketak.

Egoera horretan, txapelketarako zer motibazio izan dituzu?

Albertorena gertatu eta gero, ohartu nintzen niretzat euskarri bat izan zitekeela bertsoa bi hilabete hauetan. Horrelako zerbait gertatzen denean nik uste garrantzitsua dela egiteko zerbait edukitzea, edozer gauza dela ere. Sentitzen nuen txapelketak lagunduko zidala bi hilabete hauetan neure buruari zutik eusten. Sentitzen nuen oholtza berarengandik gertu egoteko aukera bat izan zitekeela.

Entzuleen konplizitatea sentitu zenuen?

Bai, lehendabiziko bertsotik. Larunbatean hori sentitzeak asko lagundu zidan nire onena eman ahal izateko. Oso gertuko sentitu nuen publikoa bertsoak bukatzen nituen unetik: txaloetan, begiradetan, malkoetan askotan... Publikoaz gainera, bertsokideak eta bertso mundu guztia sentitu nituen gertuko. Esker ona agertu nahi dut azken bi hil hauetan eman didaten laguntzarengatik. Maitasun handia jaso dut.

Zure bertsokeran Maialen Lujanbioren eta Amets Arzallusen estiloak igar zitezkeen?

Azkenean, bertsolariak bertsolari onenei jarraitzen die, kirolariek kirolari onenei jarraitzen dieten bezala. Niretzat, noski, erreferentzia handiak dira, baina erreferentzia asko dauzkat. Bertsolariak asko gara, eta bakoitzarengandik jasotzen dut gauza bat, eta zer esanik ez halako bertsolari handiengandik.

Mina eragin omen zizun entzuleek 70 urterekin lehen aldiz masturbatuko zen emakumearen gaia entzundakoan barre egin izanak...

Mina baino, amorrua da hitz egokiagoa. Ez zen barre egiteko gai bat. Oso gai serioa zen, oso erreala, eta gai horren atzean gauza asko ezkutatzen dira. Entzuleek gai hori umorezkotzat hartu izanak harritu egin ninduen. Biok lanak bukatu genituenean, entzuleen aurpegietan ez zegoen irribarrerik, beste espresio bat zegoen. Txaloetan ere hunkidura zegoen. Horrek erakusten du entzulea deseroso jarri zuela gai horrek.

Parekidetasunaren kezka badirudi bertsozale gehienena dela, baina uste baino gutxiagorena ere izan liteke?

Bai, hori da. Askotan, bertsotan oso politikoki zuzenak gara bertsolariak eta entzuleak: askotan, entzun behar genituzkeen gauzak entzuten ditugu eta esan behar genituzkeenak esan. Uste dugun baino askoz matxistagoak gara. Gizartean arazoa dagoen bezala dago bertsozaleen artean ere. Gertatzen da bertsozale inguruak asko pentsatzen duela, eta, agian, gai hau landuago daukala. Nik uste oraindik hankak lurrean behar ditugula, eta lan handia dagoela egiteko.

Zein izan dira aurreko txapelketetan izan dituzun beldur, mamu eta tentsioak?

Txapelketan, dakizuna ez egitea da bat. Zeure buruarekiko konfiantza faltaren eragina da. Beste bat, txapelketa txar bat egiteak ekarriko lizukeena da. Esango nuke askotan bertsolarioi egoak irabazten digula bataila, gure gain jartzen dela eta despistatu egiten gaituela. Aurten, zorionez, ez zidan kezkarik eragiten txapelketaren ondorenak. Hurrengo urteetan izango ditudalako gauza garrantzitsuagoak egiteko.

Hartzen zuen lekua zuzenduta, zer leku du orduan bertsolaritzak zure bizitzan?

Ez du toki zentral bat hartzen. Dagokion tokia hartzen du. Lehen, toki zentralegia ematen nion. Nire inguruan egon diren pertsonei askotan zegokien zentralitatea eman ez, eta ez zegokionari ematera iritsi naiz agian. Bazter batean dago bertsoa, baina oso toki garrantzitsu batean.

Zer ematen dizu bertsoak une honetan?

Zoriontsuago izaten eta neure buruarekin bake handiagoa izaten laguntzen dit. Bertsoaren bidez emozio asko ateratzen ditut, eta barrua askatzen dut. Zer esanik ez orain, baina beti lagundu izan dit bertsoak emozio asko ateratzen eta jasotzen. Horrez gain, bertso inguruak asko laguntzen dit. Lagun asko dauzkat, eta jende interesgarri asko topatu dut bertso bidean: asko maite dudan jendea eta asko maite nauen jendea.

Plazetan nola zabiltza?

Oso saio bereziak izaten ari dira. Maitasun izugarria sentitu dut entzulearen partetik. Aldi berean, gogorra bezain gozoa egiten zait kantatzea. Batzuetan, emozio asko izaten ditut, eta kontrolatzen nahiko lan izaten dut. Dena den, azkeneko saioetan gustura sentitu naiz, eta gogoz nago emozio horiek bizitzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.