Arkaitz Estiballes. Bizkaiko bertsolari txapelduna

«Bertsoak luzitu egiten du goian detaileak eta gauza ederrak baditu»

Pozik dago Bizkaiko Bertsolari Txapelketak larunbataz geroztik duen txapeldun berria. Batetik, normala denez, berak jantzi duelako txapela; bestetik, txapeldunetik txapeldunera belaunaldiek ez dutelako salto «handia» egin.

BEÑAT ZAMALLOA.
Beñat Zamalloa Akizu.
Bilbo
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Asteburua ospakizunetan pasatu ostean, biharamunarekin harrapatu du astelehenak Arkaitz Estiballes (Galdakao, 1977) Bilboko Atxuri auzoko Floren tabernan. Larunbatean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, txapelaren bila joanda irabazi zuen txapelak eman dio aitzakia ospakizunetarako.

Txapelaren bila zindoazela kantatu zenuen hasierako agurrean, eta jarreran ere hala antzematen zitzaizun; zerk eragiten zizun txapela bilatu beharra?

Ni txapelaren bila joan nintzen, txapelketa batean geundelako, eta, bereziki, txapelketa honetan oso gutxi disfrutatu dudalako finalera arte, eta horregatik, gogoa neukalako. Txapelak zer emango didan? Lehenengo eta behin, poztasun handi bat eman zidan. Bestela, ba niretzat oso gauza gutxi. Ni ez nintzen joan txapelaren bila txapelak zer edo zer emango zidalako. Egia esan, gustura nabil nabilen moduan; urtero saio mordo bat egiten dut. Plaza dezente egiten gabiltz gure belaunaldiko Fredi [Paia], Etxahun [Lekue] eta hirurok, eta saioren bat gehiago etorriko da seguru, baina bai, behar genuen. Etxahunek esaten zuen legez, poztekoa da txapela gure belaunaldiko batek irabaztea, batez ere hor salto handia egon ahal zelako belaunalditik belaunaldira.

Txapela irabazteko oholtzako jarrerarik egokiena izan zen zurea?

Nik ez nuen ikusten. Sentipenak askotan transmititu egiten dira. Hori jendeak askotan esan izan dit: «Ikusi zaitut gaur ondo, hutsak ere disimulatzen, oholtzan». Nik oholtzan sentipen hori neukan. Bertsotan ez nenbilenean ere Etxahunekin barre mordo bat egin nuen; Beñatekin [Ugartetxea] berbaz ibili nintzen, eta gero, pare bat bider komunera joan nintzenean, elkarteko batek esan zidan —beti daude atzean guri animoak ematen—: «Arkaitz, eutsi tonuari»; ez zidan esaten, bertso mailan, «tonu onean zaude». Nik jakin ez arren oso ondo zer esan nahi zuen, ulertzen nion zer esan nahi zuen; umore puntuari edo lasaitasunaren eta urduritasunaren arteko egoera ideal horri eusteko esaten zidan.

Txapelketak une onean harrapatu zaitu ala aurtengo txapelketa eta finala izan dira egokiak zuk txapela janzteko?

Ni, oro har, gustura sentitu naiz final guztietan. Kanporaketetan edo finalaurrekoetan sufritu izan dut, hor ardura bat daukazulako, baina finalarekin beti gozatu egin dut. Orain urte bi ere gogoratzen naiz oso hurbil geratu nintzela buruz burukoan sartzeko, eta Unai [Iturriaga] eta Igor [Elortza] zeuden orduan. Orduan ere, ni neure buruarekin oso gustura gelditu nintzen. Agian, aurten ahalegin berezitxo bat, plus bat, egin dut, baina orain urte bi ere hor egon nintzen, eta zoragarria izango zen orain urte bi Unai edo Igorren artean sartzea. Hor bai, maila pertsonal onean harrapatu nauela. Txapelketan ez dut ondo pasatu, baina bai azkeneko urteak oso maila pertsonal onean harrapatzen nauela. Plazetan gozatzen nabil, eta gustura nago neure buruarekin. Horrek ere eragina du. Zu gustura ez bazaude plazan zeure buruarekin, hori igarri egiten da.

Ikusita bertsoa goitik behera nola janzten eta josten duzun, betelanari garrantzi berezia ematen diozulako da?

Askotan esan izan didate: «Bertsoa ederra zen, baina bukaerak ez du indarrik eduki». Agian, arrazoia daukate, baina niretzat goian karga bat doa garrantzitsua dena. Nik uste dut bertsoak luzitu egiten duela goian detaileak eta gauza ederrak baditu. Finalerako asko aldatzen zen ikuspuntua. Lehenengo fasean bezala bi bertso izan edo finalaurrekoetan bezala hiru bertso, asko aldatzen da. Bertsolariarentzat ideiak garatzeko estrategiak guztiz desberdinak dira birako ala hirurako izan. Horretaz asko hitz egin dugu Etxahunek eta biok, eta uste dugu bi bertsotan arriskatu ala luzitu egin beharko litzatekeela. Ni beste doinu batekin nengoen entrenatuta, eta oso neurri txikiko doinua zen. Etxahunek berak esan zidan nire bertsoeran ikusten zuen indargunea deskribapena edo narraziorako dudan gaitasuna zela, eta neurri horretan ez nuela sartzen esan gura nuen guztia. Izarren hautsa doinuak bere konplikazioak ditu, baina bere alde onak ere bai eta gauza ederrak. Uste dut, justu samar, baina aukera ematen duela istorio bat garatzeko eta deskribapenerako.

Adierazia duzu ez dituzula modu kontzientean aukeratzen euskal gatazkarekin lotutako rolak bakarkakoetan, baina bai azken Euskal Herrikoan, bai aurtengo Bizkaikoan ia denetan kantatu izan duzu rol horretatik. Oso presente duzu zure ideologian gatazka politikoa, ezta?

Bai. Ez dizut ukatuko Euskal Herriaren egoerak kezkatzen nauela. Horrek arriskua dauka jendeak pentsatzekoa hori besterik egiten ez dudala, gero nire ustez beste gauza asko egiten ditugun arren. Askotan ezin da saihestu. Herri honetan, bertsolari izateaz gain, eguneroko bizitzan gure lagunak ditugun jendea gara, eta gure ardurak eta kezkak ditugu. Bertsolaria bada kezka horren partaide ere, eta era berean, kezka horiek plazaratzeko bozgorailu ere izan daiteke. Tabernan hitz egiten dut gai horietaz ere, eta, orduan, bertsotan nabilenean zergatik ez? Azkenean pertsonak gara, eta aukera daukagu publikoaren aurrean nahi duguna esateko. Askeak izan behar dugu nahi duguna esateko. Askotan autozentsuratu ere egiten gara, baina herri honetako jendea gara, eta ideia horiek ditugu; gure herrian bizi gara, eta nahi duguna esateko eskubidea daukagu.

Txapelketan inoiz baino argiago ikusi da belaunaldi aldaketa; uste duzu horrek txapelketaren gaineko hausnarketa ekarri beharko lukeela?

Hor bi gai daude. Batetik, txapelketan jende askok hartzen du parte, eta oso gutxik daukate bukaeran sari bat. Txapelketan oso ona da bertsolari gazteak heltzea eta bertsolari berriak esan gura du bertsolaritzaren transmisioa oso ondo egiten ari garela, baina kezkagarria da aldi berean belaunaldien arteko oso salto handiak egotea. Gure aurreko belaunaldi bat egon zen bertsotan ondo egiten zuena, eta gaur egun bertsolaritzatik urruti dagoena. Hori horrela da, eta horrek ez dauka konponbiderik; jende bat ez da bueltatuko, baina ikusi beharko genuke gure belaunaldian ere jende asko gaudela, eta gero, agian, gutxi garela plazak egiteko zortea daukagunak. Bertsolari asko daude bertsotan ondo egiten dutenak, baina bertsotan egiteko aukera bakarrik txapelketan dutenak. Gazteak etortzeak arriskua dauka gure belaunaldian ere jende pilo bat galtzeko. Uste dut bertsolaritzan ikuspuntu zabalago bat eduki behar dela, eta bertsotan dabilen edozein pertsonak leku bat daukala bere eskualdeko plazetan. Jakin behar dugu hori mimatzen ere. Kolektibo oso bat barik, ez zen existituko mugimendu hau.

Txapeldun gisa datozkizun bi urte hauetarako, proiektu berezirik badaukazu?

Ez dakit gauzatuko den, baina hitz egin genuen urtarrilean hasita bira bat egingo genuela berriro Udaltzainak proiektuarekin, Fredirekin eta Etxahunekin; nire ikasle izandako Josu Martinezekin eta Txaber Larreategirekin; eta tartean zeuden beste lagun gaztetxo batzuekin. Ezin diogu deitu gauza serio bat, guk ondo pasatzeko egiten dugun zer edo zer da, baina aurreko emanaldietan ikusi dugu jendeak gurekin ondo pasatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.