Bertso eskoletako lehen bertsolari gazteak plazetara iristen hastearekin batera, bertsolaritza eremu berrietara zabaldu zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Belaunaldi berri horrek eman zituen bertsolarien artean zen Jon Maia. Garaiko bizipen pertsonalak Berriak jaio ginen liburuan jaso ditu. Gaur goizean egin dute liburuaren aurkezpena, Donostiako Rekalde tabernan.
"Adiera-joko" baten bidez Franzisko Petrirena Xenpelar bertsolariak ezagun egin zuen "Jaioko dira berriak" esaldiari erantzun nahi izan dio, tituluan, Maiak: "Nik diot liburu honekin baietz, jaio ginela berriak, eta ez hori bakarrik; berri jaio ginela, aurreko tradiziorik gabe". Bertsotan bertso eskoletan hasi zirenen belaunaldia gogora ekarri du, eta, bertso tradizioriarekin edo gabe, azaldu du garai hartan erakutsi zutela "edozein izan daitekeela bertsolari". 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusian bota zuen azken agurra hartu du abiapuntutzat. Bertsolariak hainbat gairen inguruan dituen eta bere garaian izan zituen kezkak eta hausnarketak azaleratu ditu liburuan: jardun artistikoa, identitatea, tradizioa eta modernitatearen arteko talka, gatazka pertsonalak, gatazka politikoa... Kezka horietako asko, egun, gaindituta edo gainditze bidean ikusten dituela azaldu du, eta, aldi berean, berriak ere agertu direla bertsolaritza munduan.
Belaunaldikide izan zituenetako bik, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga, euren ekarpena egin dute liburuan. Editore lanak egin ditu Egañak. Liburuan jasotzen dena "garai zehatz baten kronika" dela adierazi du, eta bertsolari belaunaldi berria ere izan du mintzagai: "Bertsolari asko atera ziren garai hartan, genero eta herrialde desberdinetakoak". Iturriagak, berriz, orri eta orri artean ageri diren ilustrazioak eta collageak egin ditu. Kontakizunari "umore puntua" ematen ahalegindu dela adierazi du.