«Pelikula bukatzen» ari da oraintxe Asier Altuna, Bertsolari filmaren zuzendaria, postprodukzioari dagozkion zereginetan, eta abuztua nahiko lanpetuta eman beharko duela uste du, filmaren azkeneko xehetasunak zaintzen. Donostiako Zinemaldian estreinatzeak filmaren zabalkundeari bultzada ematea espero du.
Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean emango dute Bertsolari, lehiaketatik kanpo. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Oso gustura gaude, pozgarria da hor egotea. Azkeneko bi urteetan lan asko egin dugu pelikula ahal den txukunena ateratzeko, eta uste dugu Zinemaldiko sail ofizialean emateak erraztasunak emango dituela filma ezagutarazteko eta banatzeko, jendearengana iristeko, azken batean. Kanporako ateak zabaltzeko aukera ere eman dezake.
Zer berezitasun izango du filmak? Zein izan da zure asmoa?
Bertsolaritzari buruzko pelikula bat egitea zen gure lehen asmoa. Guretzat nahiko normala dena urrunago ere ezagutaraztea. Hasieratik saiatu gara zabaltzen eta zerbait unibertsala egiten, bertsolaritzaz ezer ez dakienak ere ulertzeko modukoa. Gidoia bidean sortu da neurri handi batean, egindako elkarrizketetatik eta jasotako lekukotasunetatik.
Zinemaldirako aukeratu badute, ez da bideo didaktiko hutsa izango.
Bertsolaritza erakusteaz gain, bertsolaritzak dituen elementuekin jokatu dut, lanak zinematografikoki interesa izan dezan. Asmoa ez da soil-soilik bertsolaritza zer den esplikatzea, pelikula bat egitea baizik, ikuspegi ezberdin batekin eta behar dituen baliabide zinematografikoekin. Hori azken emaitzan antzemango delakoan nago.
Ikuspegi eta asmo zinematografiko nabarmenez egindako dokumental batzuk harrera ona izaten ari dira, eta dokumentalaren aldeko erreibindikazio moduko bat ari da zabaltzen. Zer iritzi duzu horretaz?
Nik uste azkenaldian badagoela jolasteko eta formatu ezberdinak nahasteko joera bat, eta oso interesgarria iruditzen zait hori. Nire ustez, polita da jolastea, azken batean zinema jolasa baita, irudiekin egindako jolasa. Eta guk ez badugu jolasten, akabo!
Asier Altuna. Zinemagilea
«Bertsolaritza erakusteaz gain, zinema aldetik interesa izatea bilatu dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu