Ofizioak utzita beren buruak jokatzen jarri ditu Asier Altuna zinema zuzendariak bertsolariak. Beren buruei so. Amildegi baten ertzean kokatu du Miren Amuriza bertsolaria, sorkuntzan dabilen bertsolariaren rolean. Erortzeko arriskuan, baina zutik: ausart eta hauskor. Lehenengoz eraman du errealitate hori zinema aretoetan estreinatutako film luze batera Asier Altunak: Bertsolari filmera, baina aspaldi gainditu zuen diziplinaren estutasuna bertsoak. Urteak daramatzate bertsolariek bertsolaritzaren ertzak noraino eman dezakeen probatzen, eta urrats bat gehiago da Altunaren lana. Bertso-hopa, bertso-jazza, bertso-antzerkia... Ia genero guztiak ukitu ditu jadanik, baina bakarra da funtsa, Maialen Lujanbio bertsolariak dioenez. «Beste alorretako sortzaileekin lan eginda, ispilu baten aurrean jartzen da bertsolaria, eta horrek behartzen du bere lengoaia berraztertzera». Ertzera ere jotzen duela bertsolariak, bere burua ikusteko.
«Bertsolaritzaren bigarren iraultza». Hala definitu du Jon Maia bertsolariak bertsolarien bertsolaritzaz kanpo joateko bultzada. Bertsolaritza bertso eskoletan erakusten hasi zirenekoa da, dioenez, lehena. «Ni bezalako landa eremutik kanpoko etorkinen seme bat ere bertsolari izan daitekeela erakutsi zuena». Eta bertsoa rockarekin batzen hasi zenekoa izan zen bigarrena. «Mugarri garrantzitsu bat da, nire ustez, rockarekin izandako uztarketa hori. Gaur egungo kulturarekin eta bestelako publiko batekin konektatzea lortu zuen orduan. BECeko egungo entzuleria zabalera heltzeko bidea hor hasi zen, besteak beste».
Maite zuen rocka, maite zituen bertsoak. Maiarentzat, naturala zen uztarketa, baina jendea oraindik ez zegoen ohituta. Bere gunea zuen bakoitzak, eta bere errituala. Horregatik «beldur» zela gogoratzen du. Hemezortzi bat urte zituen Negu Gorriak taldearen kontzertu batera bertsoak abestera atera zenean. «Gaur egun badago rock kontzertura eta bertso saiora, bietara joan daitekeen ikuslearen perfila, baina garai hartan ez zen hain ohikoa. Bata bestetik erabat aparte zeuden bi mundu haiek. Esperientzia izugarria izan zen. Jendeak ez zekien bertso bat nola entzun behar zen ere. Txaloekin erritmoa eramaten hasi ziren lehenengoan, eta metxeroak piztu zituzten bigarrenean. Laino batean bezala sentitu nintzen, une magikoa izan zen». Etengabe jarraitu du geroztik musikariekin elkarlanean. Karidadeko Benta taldean, adibidez. Eta bera bezala, baita bere belaunaldiko beste bertsolari asko ere: Igor Elortza eta Unai Iturriaga 7 Eskale taldearekin, Lujanbio Ornitorrinkus proiektuarekin, Paiatarrak eta Xabier Silveira bertso-hoparekin...
Bertsoaren «garaikidetzea»
Hedapena ez da belaunaldi kontua, halere, Lujanbioren ustez; bertsolaritzaren eguneratzearen ondorio baizik. Xabier Amuriza hartzen du berak ere erreferentziatzat. «Bera ez da gure belaunaldikoa, baina aspaldi hasi zen hura ere Josu Zabalarekin eta beste musikariekin lanean, bertsolaritza eta musika konbinatzen. Andoni Egañak ere egin du halakorik. Bertsolariak bere inguruko jardunen garaikide sentitzearekin dago lotuta bestelako diziplinetako jendearekin elkarlana bilatzeko joera hori, nire ustez. Diziplinen arteko elkar ezagutzarekin eta sentiberatasun kulturalarekin».
Autoerreflexioa da gakoa. Ertza ezagutzeko gogoa. «Nork bere jardueraz eta ahalegin artistikoaz pentsatzen hasteak dakar garaikidetzea», dio Lujanbiok. «Lehengoek ere pentsatuko zuten ziur aski kontu horietan, baina ez hain modu teorizatuan. Amuriza izan liteke horretan ere mugarria. Ordura arte bertsolaritza beste mota batekoa izan zen eta bestelako testuinguru eta behar batzuk bete zituen. Frankismo garaian beste funtzio batzuk zeuzkan. Politikoagoa, ideologikoagoa; hizkuntzari eta euskal nortasunari lotuagoa. Gero, ordea, gizartearekin batera, bertsolaritza ere hasi zen bere inguruari eta bere buruari begiratzen zentzu artistikoan. Aurrekoak ere bazuen balio artistikoa, noski, baina kezka bestelakoa zen orduan».
«Esentziari eustea». Hori da Ander Lipus aktoreak diziplina arteko harremanei jartzen dien muga bakarrenetarikoa. Hori da amildegiaren benetako muga harentzat. Ertz hori gaindituz gero, akabo. Bertso eskoletan ibilia da bera, baina Madrilen antzerkia ikastea hautatu zuen azkenean. Euskal Herrira itzultzean hasi zen berriz ere bi munduak uztartzen, eta 70 bat saio egin ditu jadanik bertsolaritza eta antzerkia lotuz, Erregea eta bufoia izeneko ikuskizunarekin. «Fusio bat gertatzen den aldiro, garrantzitsua da elkartzen diren medioek ez galtzea beren oinarrizko esentzia. Bertsolariek beren funtsa ez galtzea, eta antzerkitik datorrenak ere ez». Formula asmatu behar.
Jolasa eta esentzia
Heldulekua zen Lipusi bertsolariekin batera inprobisatzen hasi ahal izateko falta zitzaiona, eta pertsonaiak asmatuzituen horretarako. «Gaur egungo antzerkian aktoreek gidoia dute helduleku nagusia, baina lehen gehiago inprobisatzen zuten. Aktore bakoitzak oso funtzio argia zuelako egin zezaketen hori. Ipar Euskal Herriko libertimenduetan bezala. Badakite herriko urteko kontuak aipatu behar dituztela, eta horren arabera aritzen dira, adibidez. Funtzio horren barruan, inprobisatzeko aukera daukate. Nik, pertsonaiak asmatu nituen, bakoitzari funtzio bat eman, eta, hala, haien gainean inprobisatu ahal izateko. Bertsolariek errima eta erritmoa dute; nik, pertsonaiak. Haiei eskerrak, nik ere badaukat inprobisatzea».
Jolasa da giltza, dioenez. Biak: esperimentazioa eta esentzia. «Artea jolasa da neurri handi batean. Hori da diziplina guztiek egin behar dutena. Eta bertsolaritzak hori hartzen jakin du. Eta eskerrak. Azken urteetan pila bat jolastu dira bertsolariak musikarekin, dantzarekin eta beste diziplina askorekin. Hori oso positiboa izan da. Betiere, esentzia galdu gabe. Errima kentzen edo doinua kentzen hasten badira, beste zerbait izango da, baina ez bertsoa. Eta horri eutsi egin behar zaio, eta asmatu dute eusten».
Ohiko saioen garrantzia
Bat dator Maia ere oinarrizkoari eutsi behar horrekin: «Oso bertsolariak gara oraindik ere», dio, «jarraitzen dugu oso betikoak izaten». Dikotomia batez mintzo da Lujanbio ere. Hausturarik ez du ikusten, halere: ohiko saioak daude batetik, bat-batekotasunari estu lotutakoak, eta norbere sorkuntzan sakontzeko egindako saioak, bestetik. «Elkarren hornigarri» dira biak, dioenez. «Konbinazioa da niretzat interesgarria», dio. Biak beharrezko. «Bertso saioan bat-batekotasunak exijentzia batzuk ditu; formatu bat, metrika eta arau batzuk. Baina bestelako saio batzuetan, atera gaitezke horietatik. Inork ez du agintzen hori egin ezin dugunik. Eta handiak dira aukerak bertsolaritza era artistikoan landu ahal izateko: hitza da lehengaia, bertsoaren estrukturak eta doinuak, bertsoaren performancearen formak...»
Bertsolaritza ez da diziplina pribilegiatua, halere, Jon Maia dantzariaren hitzetan. Beste edozein diziplina beste da. Artistikoki, dantzak, arteak edo literaturak beste egin dezake jauzi batetik bestera. Egina du berak ere bi alorrak uztartzeko saio bat baino gehiago, eta paretsu ikusten ditu bertsolariak eta dantzariak sorkuntzan. Tresna ezberdinak darabiltzate, ez besterik. «Ariketa bera da bi diziplinetan. Arau batzuk onartuta, inprobisatzea da kontua. Batzuek hitzaren bidez egiten dute hori, eta besteok gorputzaren bidez».Azpiegiturak bereizten du bertsolaritza, dantzariaren ustez. Hori du benetako bereizgarria: Lujanbiok eta Maiak aipatutako bikoiztasun hori.
«Inbidia» aitortzen du Maiak. «Oso sostengu sozial handia du bertsoak, eta oso egitura interesgarria. Horrek ematen dio aukera bere dinamika propioa mantentzeko eta beste esperimentazioetan saiatu ahal izateko. Oso polita da hori. Gai dira jarduera eta sektore gisa egunez eguneko martxari eutsi, tradizioz datorren bertsogintza mantendu eta, saio berriak eginda, publiko berrietara zabaldu eta bestelako kultur adierazpideekin harremanetan jartzeko».
Lujanbioren hitzetan ere, erriman doaz ohiko saioak eta bestelako diziplinekin egindako uztarketak. Abiadak bereizten ditu. «Ohiko saioetan astiroago aldatuko dira arauak, aldatu behar izatekotan. Doinutegia berrituz doa, baina badago egitura bat errespetatu beharra; denok onartzen ditugun eta betetzen ditugun legeak. Hortik kanpo, artistikoki nik uste dut bertsoa edozein eratara molda daitekeela. Ez dago zertan definitu noiz uzten dion bertso batek bertso izateari, edo noiz den zerbait testu edo kantu... Niri ez zait inporta definizio hori. Gehiago inporta zait errimak edo doinutegiak zenbat eman dezakeen eraldatzeko eta garatzeko».
Hori da erronka: ertzarekin jolastea, amildegirik sortu gabe.
Bertsolaritzaren ertza
Bertsolaritza lehenengoz heldu da zinema aretoetara, 'Bertsolari' filmarekin, baina urteak daramatzate bertsoaren artistek beste arte diziplinetako sortzaileekin lanean. Bertsolaritzaren gaurkotze ariketa bat dago horren oinarrian, bertsolarien ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu