2020ko Donostiako Zinemaldiko galak «artistikoki oso ederrak» izan zirela esana zuen Jose Luis Rebordinos festibaleko zuzendariak, eta aurten zinema jaialdiak lan talde beraren gain utzi du egunotako gala nagusien prestaketa, atzoko inauguraziokoa barne. Iaz bezala, Jon Maia dantzari eta koreografoak zuzendu du ekitaldia; Harkaitz Cano eta Ane Garcia arduratu dira gidoiaz, eta Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata aritu da musika-zuzendari. Eta atzoko galan nabaritu zen haien eskua, eszenografia zaindu eta ikusgarri bat lagun zutela, dantzak, hitzak eta musikak protagonismo berezia izan zutelako. Hasiera-hasieratik.
Zea Mays taldekoak eta Rozalen kantari espainiarra elkarrekin igo ziren oholtzara Negua joan da kantatzera, eta kantu horren izpirituari heldu zion Cayetana Guillen Cuervo aurkezleak Zinemaldian ez ezik, gizarte osoan ere baden itxaropen horri heltzeko. «Besarkadak galaraziak izan ditugu, baina hezur-haragizko nahiak ditugu». Guillen Cuervorekin batera, Anne Igartiburu eta Elena Irureta aritu ziren aurkezle lanetan, eta guztiek egin zioten erreferentzia gaur egungo egoerari, baina guztiek itxaropenari eutsita. «Izan gaitezen gure bizitzako gidoilariak», Iruretak.
Kukai dantza konpainiako kideek eta hainbat musikarik —besteak beste Iñaki Dieguez soinu joleak eta Asier Etxeandia aktore eta musikariak gidatutako Mastodonte taldeak— osatu zituzten ekitaldiko aurkezpenen arteko tarteak, eta hain zuzen ere, Kukaikoekin osatutako soka bat eginda irten ziren oholtza gainera Sail Ofizialeko epaimaihaiko kideak, Dea Kulumbegaxvili buru zutela.
Saria Marion Cotillardi
Anne Igartiburuk aurkeztu zuen Marion Cotillard aurtengo lehen Donostia saria, eta haren filmografia eta rol entzutetsuak gogora ekartzeaz gain, azken aldian ekoizle lanetan egindako bidea ere aipatu zuen. Hain zuzen ere, zeregin hori izan du Cotillardek Donostian aurkeztu duen Bigger than us dokumentalean.
Cotillardek txalo zaparrada luze eta indartsu bat jaso zuen Kursaaleko agertokira igo zenean. Jose Luis Rebordinos zain zuen han, baina Penelope Cruzen eskutik jaso zuen saria eta baita bi besarkada handi ere. Cruzek adierazi zuen Cotillardek izugarri markatu zuela La vie en rose filmean ikusi zuenean, eta gerora aktore frantziarrarekin lan egin izan duenean «inspiratzailea» izan dela beretzat eta ingurukoentzat «Ontasuna, egia eta magia». Aktore frantziarrak hiru kontzeptu horiek biltzen dituela gaineratu zuen Cruzek. «Sentitzeko erraza da, bai aktore gisa bai gizaki moduan. Magia hutsa da».
Cotillardek, Donostia saria eskertzeaz gain, Bigger Than Us dokumentala aurkeztu zuen, eta filmaren izpiritua hitzetara ekarrita, gizakiak suntsitzeko gaitasuna duela adierazi zuen, baina berriro eraikitzekoa ere bai.
Modu ezberdinetan bada ere, Donostiako Zinemaldiarekin harreman oso estua izan zuten aurten hil diren bi lagunek. Luis Gasca zinemaldiko zuzendaria izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran eta hurrengoaren hasieran, eta Bertrand Tavernier, bere aldetik, ohiko bisitaria izen Donostian. Biak omendu zituzten atzoko ekitaldian.
Tavernier Donostian izan zeneko hamaika irudi eman zituzten Kursaalean, eta jarraian, Thierry Freamaux Cannesko Zinemaldiko zuzendaria atera zen oholtzara zinemagile frantziarrari gorazarre egiteko. Ekarri zituen gogora Tavernierrek izan zituen maisuak —besteak beste, Claude Sautet eta Jean Pierre Melville—, eta baita Tavernierrek zinemarekiko izan zuen maitasuna ere. «Goizean hitz egiten zuen zinemaz, eguerdian hitz egiten zuen zinemaz, arratsaldean hitz egiten zuen zinemaz». Tavernierrek maite zuen Euskal Herrira etortzera, eta Donostiakoa munduko zinemaldi handiena zela esaten zuen. Fremaux: «Nik esaten nion: 'Eta Cannes?', eta berak 'Ez, ez, Donostiakoa'.Hemen pozik izan zen».
Atzoko inaugurazio galan Zhang Yimouren Yi miao zhong / One second Sail Ofiziala ireki duen filma eman zuten, baina horren aurretik Carlos Sauraren Rosa Rosae film laburra ikusi ahal izan zuten Kursaalean bildutakoek, 36 gerrari buruzko lana: Saurak berak azaldu zuen «gerraren umea» izan zela. «Bondbardaketak, jende hila ikusi ditut. Esaten dute ez dela oroitu behar. Baina oroitu behar da ez errepikatzeko». Filmean Jose Antonio Labordeta kantariaren Rosa rosae du abiapuntu eta bidaide zinemagile espainiarrak. «Irudien bitartez argia eman diot kantuari».