Blogetako idazkuntza ez da kazetaritzarena, ez eta literatura ere, Fito Rodriguez idazlearen (Gasteiz, 1955) iritziz. «Izatekotan, saiakera berriaren idaztankera du ezaugarritzat blogak». Horixe dio egileak Egunero egun ero liburuaren (Utriusque Vasconiae) aitzin-solasean. Naiz agerkari digitalean elikatzen duen Euskal Kalendak blogean azkeneko hiru urteotan aktualitateari lotuta osatutako testu gehienak baliatu eta «berridatzi» ditu horretarako. Izan ere, blog bateko eta liburu bateko idazmoldea ez da bera, Rodriguezen esanetan. «Bata ez da bestea baino hobea, baina bakoitzak bere ezaugarriak dauzka».
Donostian aurkeztu zuen atzo, eta agerraldian Antonio Casado da Rocha idazle eta Rodriguezen lankideak parte hartu zuen —irakasleak dira Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean—. Lehenak nabarmendu zuen euskal letretan ez direla asko blogetako edukiak papereratu dituztenak, eta adibide batzuk jarri zituen: Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala, Markos Zapiainen Talaitik tiroka, Xabier Mendiguren Elizegiren Egunen harian eta Paper jalearen dieta, eta Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen.
Ezusteko atsegina hartu du Casado da Rochak Egunero egun eroirakurtzen. «Umorez josita dago, poesiaz... Ez nuen espero. Istorioz eta historiaz beteta dago». Ezagutzen ez duen «Fito bat» ezagutu du. «Blogak irakurtzerakoan, gainera, alde pertsonal hori interesatzen zait; agian, kuxkuxeroa naizelako». Egilea ikusi nahi izaten du, eta ikusi du Rodriguez, bai, blogean. «Kontatzen du Gabon gauean zer egiten duen, horren bezperan zertan eman zuen denbora...».
Iradokitzailea behar du
Gai zehatzetan sartu aurretik,saiakeragintza eta blogintza alderatu ditu egileak aitzin-solasean, eta galdetzen du blogak zer ote duen saiakeratik. Haren ustez, saiakera literarioaren idazkuntzak badauzka ezaugarri batzuk, blogen idazmolderako egokiak izan daitezkeenak.
Casado da Rochak, berriz, «blogari zintzoaren hamar manamenduak» zerrendatu zituen. Pentsatzen du, esaterako, «nitasunaren adierazlea» dela, «generoen artean dagoela», dena probatzen duela blogariak, baina ez duela ezer frogatzen, eta «informatzailea baino gehiago iradokitzailea izan behar duela».
Michel de Montaigne (1533-1592) saiakera generoaren aitzindaritzat hartzen den egilearekin gogoratu zen Rodriguez: «Haren bidez ezagutu dugu saiakera, baina haren lehen idazketak ziren nolabaiteko bere bloga».
Egunero egun ero-n gogoeta, erreferentzia datu eta metaforek ez dute «ezer berririk ekartzen», egilearen hitzetan; «berriak, egunerokotasunaz harago», idazgai bihurtzea du asmo. 65 testu dira. Aurrenekoa, 2012ko ekainaren 20koa, Intxaurrak bildu izenekoa, eta azkenekoa, aurtengo urtarrilaren 12koa, Demokrazia ez da demografia deitutakoa. Eta tartean, Unforgiven Zinemiran, Durango berriro dator, Presoak mintzo eta politikoak entzungor, Martutene, Txillardegi pianoa jotzen eta Urkullu autonomista domestikatua da. Oraindik ere bloga elikatzen jarraitzen du.
Mikel Zubimendi Naiz-eko kidearen aburuz, «ideologia» badago Rodriguezen testuetan. «Eta hori ez da txarra; txarra dena da itsuki alderdikoia izatea».
Beste idazmolde batean
'Naiz' agerkari digitalean daukan blogean azken hiru urteotan aktualitateari lotuta ondutako saiakera gisako testuak berridatzi, eta 'Egunero egun ero' liburua osatu du Fito Rodriguezek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu