Ez da ohiko Antoni Tapies (Bartzelona, 1923). Ez behintzat ezagunena. XX. mendeko artista garrantzitsuenetako bat bilakatu duten lur koloreko eta lur, hauts eta arez eginiko koadroez bestelako Tapies bat da. 1972tik 1992ra bitartean sortutako haren obra grafikoa jarri dute ikusgai eta salgai Iruñeko Labrit kaleko T-16 galeria berrian. Beste Tapies bat da hau, ezezagunagoa eta eskuragarriagoa. Ezezagunagoa, Tapiesek sona, batez ere, margolari eta eskultore gisa egin duen lanagatik jaso duelako; eta eskuragarriagoa, erreproduzi daitezkeen lanak izanik, jendearengandik hurbilago egon daitezkeelako. Abstraktua, espirituala eta sinbolismoz betea; lan hauek badira artistaren ibilbidearen isla. Beste Tapies bat da lanotakoa, baina Tapies da, halere. Urtarrilaren 15era arte izango da Iruñean.
Ez da bazterreko zerbait. «Funtsezkoa» da bere obra grafikoa Tapiesen kasuan. Hala dio behintzat Carlos Catalanek. Erakusketarekin batera kaleratu duten libururako, artistari buruzko testua prestatu du hark. Dioenez, Tapiesek beti izan du hizkuntza artistiko honekiko interesa. Besteak beste, medioak haren artea sozializatzeko eskaintzen duen aukerak erakarrita. Hala azaldu du artistaren jarrera hori Juan Carlos Azkarate galeriako kideak: «Tapiesek nahi du heldu jendearengana, eta, maiz, artea ez dago maila batetik beherako jendearen eskura. Horren aurka doaz lan hauek, hauek bai, badirelako eskuragarriak».
Hemezortzi lanek osatzen dute Tapiesi eskainitako erakusketa monografiko hau. «Erakusketa txikia da», dio Isabel Blanca T-16 galeriako kultur koordinatzaileak; «txikia, baina garrantzitsua, oso zaila baita gurearen gisako areto txiki batek Tapiesen hainbeste lan biltzea. Oso gutxitan gertatzen da halakorik». Munduko museorik ezagunenetan daude artista kataluniarraren koadroak, eta Madrilgo Antonio Machon galeristak utzita heldu dira haren lan grafikoak Iruñera.
Tapiesen sinadura
50eko hamarkadan heldu zen Parisera Tapies, frankismotik ihesi bere margokera aire berriz betetzeko gogoz. Eta aurkitu zuen horretarako tarterik. Akademizismotik libratu zen han, eta surrealismoaren inguruan ibili zen hasieran, abstrakzio geometrikotik pasa ondoren, informalismoan murgiltzeko. Estiloa berera moldatu zuela esan behar, bere egin zuela, oso estilo pertsonala baita Tapiesena. Horrek egin du mugimendu horretako artistarik garrantzitsuenetariko bat, eta hori da Iruñean bildutako lanetan ikus daitekeena ere: bere estilo propioa, bere sinadura.
Margolanetan bezala, kolore ilunak dira nagusi bere obra grafikoan ere. Hautsaren, lurraren, lohiaren koloreak. Publizitatearen eta aurrez izandako abangoardia mugimenduen kolore saturazioari iskin egin, eta maila espiritualago batera heltzeko asmoz aukeratzen ditu Tapiesek kolore horiek, behin baino gehiagotan azaldu izan duenez: espiritualtasunera hurbiltzeko.
Ez da txikia, izan ere, Zen filosofiak haren lanean duen eragina, eta hori ere ikusten da obra grafikoan. Baita sinbolismorako joera ere. Hizkiz, zeinuz eta figura geometrikoz beteta daude, eta erre itxura dute zenbaitek. Catalanek azaltzen du zergatia: «Materiarik umilenak, higatu, zikindu eta zarpailak, nobleagoak dira Tapiesentzat higiene burgesak sorturiko guztiak baino».
Bestelako Tapies bat
Antoni Tapies artista kataluniarraren obra grafikoaren lagin bat jarri dute ikusgai Iruñeko T-16 galerianMargolanak bezala, abstraktuak, espiritualak eta sinbolismoz beteak dira lan horiek ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu