111 Akademiak Beterriko Liburua aldizkaria argitaratzeari utziko diola adierazi du, prentsara igoritako agiri baten bidez. “Abenduaren 21ean kaleratuko den 56. zenbakia izango da azkena”, agiri horrek dioenez. “Azken egunotan erakundeetatik jaso izan ditugun diru-laguntzen murrizketen berri izan ondoren, akademiak hainbat erabaki hartu beharko ditu bere etorkizunari begira, eta erabaki horietako lehenengoa aldizkaria bertan behera uztea izan da. Datozen asteetan Beterriko Liburua sariarekin, Kilkerren soka ekimenarekin eta garatze bidean zituen beste hainbat egitasmorekin zer egin erabaki beharko du”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak urtez urte eman izan dion diru-laguntza aurten berriro ere jaitsi egin diola jakin berri du 111 Akademiak; bi urtetan %60 jaitsi dio. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ere %65a inguru jaitsi dio 2012ko diru-laguntza. Bi jaitsiera horiek urte amaieran jakinarazi izanak 111 Akademiari 20.000 euro inguruko galera ekarriko diola aurrikusi dute akademiaren arduradunek, eta adierazi dute ezinezko zaiela galera hori beren gain hartzea. "Beraz, 111 Akademiak Beterriko Liburua literatur saria eta aldizkaria, Kilkerren soka ekimena eta gauzatzeko bidean zuen beste hainbat ekimenekin jarraitu ala ez erabaki beharko du. Dagoeneko, aldizkariaren azken zenbakia abendukoa izatea erabaki du".
Miren Asiain, Arrate Egaña eta Alberto Ladron Arana izango dira Beterriko Liburua aldizkariaren 56. zenbakiko elkarrizketatuak.