Finaleko momentu berezienetakoa izaten da: sintonia jarri, eta bertsolariak gai-jartzailearen atzetik ilaran ateratzen direnekoa. Hala izan da gaur ere. Oholtzara arteko bide osoa publikoa zutik eta egundoko txalo zaparrada entzunez egin dute Igor Elortzak, Aitor Sarriegik, Maialen Lujanbiok, Unai Agirrek, Beñat Gaztelumendik, Sustrai Colinak, Amets Arzallusek eta Aitor Mendiluzek, Maite Berriozabal gai-jartzailearen atzetik.
Igartzen da gogotsu daudela bertsozaleak. Aspaldi hasi da eguna haietako gehienentzat. 5:45ean atera da Mauleko autobusa BECerantz. Bost bertsozale igo dira han, eta bidean batu zaie jende gehiago, autobusa bete arte. Haiek izango ziren goiztiarrenak, baina 9:00etan ateak zabaldu dituztenerako, jendetza zegoen zain, eserlekurik egokiena aukeratzeko. Korrika sartu dira aurrrenekoak. "Aurreko finalean ere izan nintzen, eta buruan nekarren non eseri", zioen Bilbotik etorritako bertsozale batek.
[youtube]https://youtu.be/fTRM3t_c_7w[/youtube]
Saioa irabazteko faboritoei buruz galdetuta, izen bat baino gehiago aipatu ditu jendeak. "Amets Arzallus", zioen bidanitar batek, "aita gure aldekoa du-eta". "Ea emakumea den, eta Buruntzaldekoa", Urnietako emakume bikoteak. Txapelerako hautagai nagusi Maialen Lujanbio ikuste zuen Amasako beste gazte batek ere. "Irungo saioan ere izan nintzen, eta pila bat gustatu zitzaidan han egin zuen lana". Beñat Gaztelumendik irabaztea nahiko luketela aipatu dute, berriz, oiartzungo zale batzuek.
Hasi da bertsoaren festa, 20:00ak aldera arte iraungo duena.