'Betrayal'-ek saria lortzeko hautagaitza eraman du Veneziara

Kirill Serebrennikoven filmak erotismoa eta psikologia uztartzen ditu modu obsesibo eta ausartean

Agentziak
Venezia
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Urrezko Lehoia eskuratzeko lehenengo bi hautagaiak aurkeztu zituen atzo Veneziako Zinemaldiak: Kirill Serebrennikoven Betrayal eta Xavier Giannoliren Superstar. Eta lehenengoaren mundu pertsonalak kritikarien eta ikusleen arreta piztu bazuen, Giannolik ez zuen ase bere jarraitzaileen gosea.

Serebrennikovek aurkikuntza estetikoz josi du Betrayal, Alfred Hitchcocken erotismo fataletik nahiz Ingmar Bergmanen azterketa psikologiko gordinetatik edaten duen filma. Plano sekuentzia poetikoz lagunduta, Serebrennikov mediku baten eta haren gaixoaren egunerokotasunean sartzen da batak eta besteak jakiten dutenean beren bikotekideek ezkontzaz kanpoko abentura bat dutela. «Denbora nola pasatzen den filmatu nahi nuen, nola sentitzen den bat zerbaitek astintzen duenean. Eta sentsazioak filmatzeak dakar hari mutur guztiak ez dituzula ondo lotuak uzten», azaldu zuen zuzendari errusiarrak.

Franziska Petri alemaniarra eta Dejan Lilic mazedoniarra dira filmeko protagonistak eta zuzendariak haien gorputzetara eraman du kamera sentsazio jakin batzuk transmititzeko helburuarekin: «Maite duzun pertsona galdu duzula eta, modu ezinezkoan bada ere, berreskuratzeko obsesioa duzula». Horretarako, umore beltza baliatu du; baita, matrioxken modura, pertsonaia bakoitzaren barruan beste pertsonaia batzuk —batik bat emakumeak— gordetzen dituen egitura berezi bat ere.

Filmaren ondorengo agerraldian, Serebrennikovek adierazi zuen ez duela Fiodor Dostoievskiren obra jasaten: «Ulertzen dut jeinu bat dela, baina niri ez zait bat ere gustatzen. Ez dut uste bere pertsonaiek Errusia ordezkatzen dutenik. Ni ez naiz halakoa, ezta nire gurasoak ere. Identifikatuagoa nago Gogolek erakusten duenarekin».

Garai baten erretratua

Betrayal-ek loreak jaso bezala, Superstar Xavier Giannoli frantziarraren lan berria hotz hartu zuten Venezian. Chanson d'amour eta À l'origine-ren egileak «garai baten erretratua» egin nahi izan du Superstar ospearen gaineko fabula ilunean. Filmak abiapuntu bitxi eta sinplea dauka: goiz batean esnatu, eta pertsona ospetsua dela konturatuko da gizon bat. Ez du, baina, inoiz jakingo zergatik den ezaguna. «Halako fenomenoak jorratzeko modurik errealistena absurdoa da», azaldu zuen Giannolik emanaldiaren ondoren. «Horregatik iruditzen zitzaidan garrantzitsua galdera nagusia, zergatia alegia, bigarren mailan gelditzea».

Bere protagonistaren ibilbidea azaltzeko, Kafkaren Metamorfosia eleberriko Gregor Samsa ekarri zuen gogora Giannolik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.