Hirudia

Bi hitz miopiaz

lander garro
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Duela aste gutxi, hemen bertan, gaurko kanonak nobela iraultzailea baztertzeko, eta, aldiz, nobela kontserbadorea babesteko daukan joera aipatu nuen. Utzidazue gaia berreskuratzen. Gotzon Barandiaranen Errotik nobelari egin dizkioten kritikak tentuz irakurri ditut, eta guztietan ageri da salaketa bera: liburu politikoa dela. Ez dut esango liburu politikoa ez denik. Zorrotz ibili da kritika. Baina jar dezagun (kontrako) adibide gisa, Juanjo Olasagarreren lehen nobela, hura ere goitik behera liburu politikoa: Ezinezko maletak. Orduko kritikak begiratu ditut, eta politika hitza ez da bakarrean ere ageri: kasualitatea ote? Gogora dezagun Errotik-ek Euskalduna ontziolako langileen borrokaldia kontatzen duela, beti ere langileen ikuspegitik, eta, tarteka, irakurlea adoktrinatzeko xedez. Horixe esan dio kritikak, eta ez dut neuk ukatuko. Olasagarreren liburuan, ordea, gai nagusia guztiz zen politikoa, eta ez zuen falta, ez manikeismorik, ez eta pertsonaiak estereotipoen bidez eraikitzeko baldarkeriarik ere. Kritika, ordea, ez zen bekatu hauetaz ohartu. Gogoan izango duzue Ezinezko maletak-ek lau lagunen istorioa kontatzen zuela, herri berekoak laurak, eta, batez ere, ETAren komando berekoak. Denborak beste bide batzuetatik eraman ditu (lau lagunak), eta urte batzuren bueltan elkartu dira, lauetako baten heriotzaren karietara. Enkontru hark iraganean gertatua aletzen joateko parada emango dio idazleari. Eta, zer gertatu zen iraganean?: gazte zoro batzuk, burua nahasita, herria askatzeko borroka nerabean engaiatu zirela. Haietako baten emazteak ematen ditu liburuaren gako politikoak, Alizia izeneko pertsonaiak, zeinak, iritzi politikoa izateaz aparte, ezer gutxi ematen baition liburuari; bera ari zaigu: «Erdipurdiko heroi exkaxak». Fermin izeneko pertsonaiak markatzen du liburuaren tesi nagusiaren norabidea: iraganako borrokarekiko damua, alegia. Ez da harritzekoa, txiki-txikitatik herrian baztertu egin baitute (Fermin), herrietan ohikoa omen den basakeriaz. Hark liberatu egin nahiko luke, eta Donostiara joango da ikastera. Herritarrek (den-denek) gogorki zigortuko dute horregatik, ñoñostiar hemendik, ñoñostiar handik... Zaunka. Herri abertzaleetan usadio den bezala. Beste muturrean, Londres ageri zaigu, hiri irekia, modernoa, heterodoxoa... Hots, Zadie Smithek, hango idazle pakistandar batek deskribatzen duen Londres arrazista eta ertsiaren aurkakoa. Horretaz guztiaz ohartu ote zen gure kritika? Mikel Asurmendik: «Nik zenbait herrikideek euskaltasuna bizitzeko duten moldearekin etsituta nagoenez, eleberriak ez nau batere etsitu». Hots: liburua literaturaren teknikaren ikuspegitik aztertu beharrean, ideologikotik egiten du... txalo-zartaka hasteko! Eta horixe da arazoa: liburuei kritika ideologikoa egiten zaiela. Jar nitzakeen beste adibide batzuk, manikesismoa, topikoak eta esterotipoak etengabe errepikatzen direlaerakustearren, baina ez dut tokirik. Liburu txar-txarra ote da? Ez horren txarra, baina kritikak bazuen, nahi izatekotan, nondik heldu (bertuteak ezkutatu gabe; ze, izan, baditu bertuteak, Gotzonenak bezalaxe). Okasioa galdu zuten: zorroztasunaren ordez, zurikeria. Ezin da analisi honetan faktore garrantzitsu bat alboratu: Beñat Sarasola kritikariaren agerpen publikoa. Bera izan da kritikaren alorrean gauzei bere izenez deitzen hasi den lehendabizikoetakoa. Ordura artean, ia dena zen anbiguetate eta zurikeri. Eta Gotzoni bere mailua tokatu zaio. Beste batzuei kritikoen miopia egokitu zitzaien bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.