Donostiako 47. Jazzaldia

Bi jazz belaunaldiren haria

Miles Davisen 'Kind of Blue' diskoan aritutako Jimmy Cobb bateria jotzaileak jaso du Donostiako Jazzaldia Saria, 83 urterekinEgun, musikari gazteekin ari da elkarlanean, bere garaiko jazz ondarea desager ez dadin

Jimmy Cobb bateria jotzailea, atzo, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen eskutik saria jasotzen. JC.RUIZ / ARP.
Donostia
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Kultur tradizio minoritarioen betiko dema: nola egin aurrera, zenbateraino hautsi aurrekoarekin, zer transmititu ondorengoei, eta zer ahantzi bidean. Jazza ere, Jimmy Cobb (Washington D.C., 1929) bateria jotzailearen irudiko, musika minoritarioa omen, eta bere ibilbidea, kontraesan horien guztien erakusgarririk behinena. Hargatik jaso du, Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik, aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria; alde batetik, jazz garaikideko musikari handienekin egindako lanagatik, eta, bestetik, urteetan pilatutako ezagutza gazteei erakusten ari delako egun, 83 urte dituelarik.

Paradoxikoena da, izatez belaunaldi iraultzaile bateko parte dela Cobb. Miles Davisen Kind of Blue albumak ordura arte jazza konprenitzeko moduarekin errotik hautsi zuen, eta, lan haren ondotik, bilakaera nabarmena nozitu zuen musikak, derrigorrean. Disko hura grabatu zutenek, berriz, ez zuten urrundik ere usaindu osatu berri zuten obraren garrantzia demasekoa. «Bestela aberats nintzateke honezkero —bota du Cobbek, txantxetan—, eta Davisek, ikusirik zein zen Ferrari zalea, makina bat auto erosiko zituzkeen». Hamabost urte inguru nahikoak izan ziren lan hura historiara igaroko zela ohartzeko.

Beren gaztetasunean, aurreko belaunaldiarekin puskatuz egin zuten aurrera, hortaz. Orain, ostera, etengabe musikari gazteekin taldeak sortzen jarraitzen du Cobbek, jazza irauli zuteneko garai haiek gogoratzeko, eta, bereziki, Miles Davisen irudia omentzeko. «Musika honek bizirik jarraituko badu, ezinbestekoa da gazteei transmititzea. Gainontzean, hamar edo hamabost urte barru inork ez du jakingo nor izan zen John Coltrane edota Wes Montgomery», azaldu du bateria jotzaileak. Dena den, «baikor» agertu da, «gazte baliotsu ugari» ari direlako jazz munduan sartzen, eta gogoratu du ezagutu zituela «garai ilunagoak». Gisa berean, baditu zenbait bateria jotzaile gazte jo puntuan: «Badago emakumeen eztanda moduko zerbait, eta esaterako, Cindy Blackman Santana gustatzen zait. Bestetik, Wallace Roneyren iloba suziri baten moduan omen dator».

Argitu duenez, baterian ez dago sekreturik orotariko musika estiloetara egokitzeko, eta «kontua swing-a edukitzea da». Behin hori izanez gero, batek berdin jo omen ditzake jazz tradizionala eta garaikidea. Zailtasunik handienak be-bop eta funk estiloek ematen dituzte, haren aburuz, bateria jotzeko oso era jakina eskatzen dutelako.

Autodidakta baten ibilerak

Bere kasa eman zizkion bateriari lehen makilakadak, eta ibilbide osoan zehar ere ez zuen kasik eskolarik jaso.Cobbek Earl Bostic saxo jotzailearekin batera grabatu zuen aurreneko diskoa, eta laster hasi zen jazzeko abeslaririk puntakoenekin elkarlanean, tartean zirelarik Dinah Washington, Billie Holiday, Pearl Bailey, Clark Terry, Dizzy Gillespie edota Cannonball Adderly.

Ibilbideko jauzi kualitatiboa Davisekin hasi zenean eman zuen, 1957an. Sei urteren buruan, ordea, Kind of Blue argitaratu bezain pronto, Tony Williamsek ordezkatu zuen, eta erabaki zuen garaia zela Wes Montgomeryrekin lanean hasteko. 60ko hamarka amaieran Sara Vaughnekin aritu zen, bederatzi urtean zehar, eta, segidan, freelance gisara, estilo anitzetako musikari askorekin. Sonny Stitt, Nat Adderly, Rickyicky Ford, Hank Jones, Ron Carter, George Coleman, Fathead Newman, Dave Holland, Warren Bernhardt eta beste hainbatekin ibili izan da urte askoan oholtza gainean zein estudioan. Bere proiekturik berrienetan Miles Davis gogoratu du berriro, Four Generations of Milesen, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.