Ez dago argi zein den My Morning Jacketen diskorik onena —zale gehienen iritziak At Dawn (2001), It Still Moves (2003) eta Z-ren (2005) artean banatzen dira—, baina bai zein den eskasena: Evil Urges (2008). Rock amerikarraren tradiziotik bide berriak jorratzeko joerak bultzaturik diskoz disko izandako bilakaeran beste urrats bat egin nahi izan zuen Louisvilleko taldeak lan hartan, eta funk-soul eta R&B hanpatu eta korapilotsu batera egin zuen biraketa, baina emaitzak ez zuen (ia) inor asebete. Circuital, taldearen seigarren diskoa, ez da zehazki atzera bueltatzeko egindako lan bat, baina aurrekoaren akatsak zuzentzen ditu, estilo aniztasunari uko egin gabe. Musika beltzaren arrastoa ez da guztiz ezabatu —Holdin' on to Black Metal singleak, haurren koru eta haize moldaketa indartsuekin, blaxpoitation-en soinu banda baterako balio lezake—, baina kantuak sinplifikatzeko —eta laburtzeko; taldearen diskorik motzena da: 45 minutu— egindako saio argia da.
Ez da hori, ordea, lehen sentipena.Kostatzen da diskoa irekitzen duen kantuaren (Victory Dance) kutsu progresibo eta anbientalari neurri hartzea. Hurrengoan, ordea, Circuital-en, My Morning Jacket jatorrena azaltzen da. Crazy Horse eta rock hegotarraren gaineko zazpi minutuko bidaia hori diskoko eta taldearen ibilbideko unerik inspiratuenetako bat da. The Day is Coming-ek berehala harrapatzen du entzulea, Jim James ahots beroa lagun, eta zer esanik ez Wonderful (The Way I Feel) balada akustiko eta bihotz-altxagarriak («I'm going where there ain't no fear, I'm going where the spirit is near, I'm going where there ain't no police, I'm going where there ain't no disease»). Maila batzuk beherago daude Outta my System (Beach Boysen eraginpekoa) eta First Light.
Bukaerarako kanturik geldo eta delikatuenak utzi dituzte, Slow Slow Tune eta Movin Away, azken hori beharbada diskoko ederrena Circuital-ekin batera. Funtsean, Evil Urges istripua izan zela erakutsiz, sasoi onean itzuli da My Morning Jacket.
Musika. MY MORNING JACKET.Diskoa:'Circuital'.Diskoetxea:Rough Trade.
Bide onera itzuliz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu