Zinema dEstreinaldiak

Bigarren birarako prest

Lehen filmarekin sortu ez zuen lilura piztu nahi izan du Pixar ekoizpen etxeak 'Cars 2' lanarekin, eta itxuraz lortu duFilmeko autoei ahotsa jarri diete 1 Formulako hainbat gidari ezagunek

McQueen lasterketa autoa bere lagun Materekin joan da munduko txapelketa jokatzera, Cars 2 filmean. - / BERRIA.
Inigo Astiz
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ederra ez zenik ez zuen inork esan. Baina Cars filmeko auto eta kamioi hizlariek ez zuten lilurarik sortu. Lehia zaila zuen, azken finean, Pixar ekoizpen etxearen zigilua zekarrelako. Abiadura zuten alde autoek, baina tradizioa aurka, nolabait ere. Toy Story, Up, Finding Nemo eta azken urteetan animazio filmen kalitate maila markatu duten beste hainbat lanen zaku berean zihoan. Eta ederra zen filma, baina ez besteen mailakoa. 120 milioi dolar gastatu zituzten lehen atal hura egiteko, eta eman zuen etekinik. Pertsonaiek hunkitu zituzten ikusleak, saldu ziren haien irudia zuten jostailuak eta bideo jokoak. Ederra produktu osoa, baina ez zuen lilurarik piztu. Berriz egingo dute ahalegina, eta bigarren bira emango dute, beraz, filmeko protagonistek. John Lasseter zuzendariaren gidaritzapean orain ere.

Hiru dimentsiotan emango dute sailaren bigarren atala. Eta ziurra da teknika menpean izango dutela, Pixarrek ohi duenez. Ikusi egin behar, ordea, magia edo lilura hori pizterik lortzen duten. Pertsonaiak, azken finean, aurreko berak izango baitira. Lightning McQueen da oraingoan ere pertsonaia nagusia. Lasterketa auto gorri eta azkarra. Alboan, Mate garabia izango du, bere lagunik onena.

Amerikako 66 klasikoa zen lehen atalaren ardatza; oraingoan, berriz, mundua ezagutzeko aukera izango dute: Tokiora, Parisera, Londresera eta Italiara helduko dira. Autoen munduko txapelketan lehiatzera joango dira Lightning McQueen eta Mate. Lasterketa autoak buru-belarri ekingo dio lehiaketari; Matek, berriz, nazioarteko espioitza kasu baten sareetan harrapatuta emango ditu egunak.

Ahots ezagunak

AEBetan ekainean izan zen filmaren estreinaldia, eta «sorpresa» aipatu dute bertako hainbat kritikarik. Haien hitzetan, badirudi bigarren birak lortu egin duela lehenak lortu ez zuena. Filmaren bueltan sortutako produktuak saldu, salduko direla, alegia, baina filmak berak ere baduela berea. Ederra dela, eta baduela liluratik zerbait.

Ohi denez, pertsona ezagunak izan dira filmeko pertsonaiei ahotsa jartzen. Lasterketa autoek ematen zuten horretarako nahikoa aitzakia, eta asko dira beren ahotsaz filmean agertzen diren 1 Formulako gidariak: Fernando Alonso, Lewis Hamilton, Vittaly Petrov eta Sebastian Vettel, besteak beste. Eta salmenta handiko produktuetan ohi denez, hizkuntzaren arabera, izar lokalak hautatu dituzte jatorrizko ahotsak itzultzeko.

Bitxikeria bat ere bada filmean, lokalaren eta globalaren arteko joko horretan. Bada Iruñeko sanferminetako entzierroa korritu duen auto bat. Miguel Camino du izena, eta aurten estreinakoz ariko da. Gran Turismo autoa Iruñekoa da, eta, filmaren arabera, «motordun autoen entzierroan parte hartzeagatik egin zen ezagun». Metafora argi bat, zezenen entzierroarekin. Adorea eta indarra islatzen da pertsonaia horretan, entzierroan korritzeko beharrezko tresnak. Miguel Camino autoarena ez da, ordea, John Lasseterrek zezenketei eta entzierroari aipamen egiteko erabili duen bide bakarra. Mate pertsonaiaren aurkezpenean haren iraganari egin dio erreferentzia: toreatzailea izan zen, El Materdor izenez ezaguna.

Sanferminak sanfermin, filmeko zuzendariak jantzi zuri gorriak soinean jarri gabe utzi zuen Camino bere hiriko jaietan. Espainiako banderaren koloreez jantzita bildu zen festara, 5 zenbakia soinean zuela. Eta haren azentuari adi egon behar. Globala eta lokala lotzeko moduaren inguruko susmoak pitz ditzakeena. Azken finean, salmenta da barometroa.

'CARS 2'

Zuzendaria: John Lasseter eta Brad Lewis.

Aktoreak: Animazioa.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 113 minutu.

Estreinaldia: Bihar estreinatuko dute Euskal Herri osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.