Azokaren bigarren egunean jende mordoa goizean. Ateak ireki eta gutxira bete dira erakusmahaien arteko kaleak. Atzo ikasleen eguna zen, eta haiek izan ziren nagusi. Gaur jende heldua dago batez ere Landako Gunean. Ateak erabat ireki baino lehen ere jende sorta bat sartu da, eta goiz hasi dira salmentak. Gaur atzo baino jende gehiago espero dute argitaletxe, disko etxeetako kide eta azokaren antolatzaileek.
Eskozia herrialde gonbidatuak gaur presentzia handia izango du azokan. Independentista sareak antolatuta, mahaingurua antolatu dute eguerdian Euskal Herria eta Eskozia gai hartuta, eta 13:30ean gaita eta bertsolariak uztartuko dituen saioa eskainiko dute Plateruenan. Azokako gune guztietan izango dira, ordea, musika saio, liburu aurkezpen, hitzaldi eta antzerki emanaldiak. Hemen egitarau osoa.
Nevadak ere izango du bere protagonismoa. Gaur Argizaiola saria emango diote William A. Douglass antropólogo estatu batuarrari, eta Bernardo Atxaga ere izango da azokan bere azken liburua sinatzen: Nevadako Egunak. Aurkezpena ere egingo du Ahotsenean. Gune horretako egitarau osoa hemen.