Antzerkia

Bihar hasiko da Kalealdia, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia

Larunbatera bitartean, Euskal Herriko zein nazioarteko kale antzerki taldeak ariko dira kale nagusiaren eta Zazpikaleen inguruko zenbait plazatan.

2013ko uztailaren 1a
17:26
Entzun

Bihartik larunbatera bitartean, hamalaugarren Kalealdia ospatuko dute Bilbon, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia. Euskal Herriko zein nazioarteko taldeek parte hartuko dute bertan. ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeez gain, Xarxa Teatre (Herrialde Katalanak), Sublimati Corporation eta Systeme Paprika (Frantzia), Zanguango Teatro (Espainia) eta Ouch Entertainment et Zirk Theatre Co-Production (Belgika) izango dira Kalealdian parte hartuko duten taldeetako batzuk. Guztira, hogei dira, eta 39 ikuskizun eskainiko dituzte.

Zirkuko profesionalentzako bi ikastaro eskainiko ditu Kalealdiak aurten berrikuntza gisa. Mikel Aialak Harrobia zentroan bihar eta etzi eskainiko duen eskujoko ikastaroa da horietako bat. Bestea gorputz adierazkortasuna eta antzezpenerako gaitasunak aztertzeko sorkuntza tailerra izango da; Plaza Barrian egingo dute, larunbatean, Eskena 2.0ren eskutik. Parte hartzea librea izango da tailer horretan, eta ez da beharrezkoa izena ematea.

Kalealdian parte hartuko duten talde guztiek euren azken lanak aurkeztuko dituzte Bilbon. "Gehienak proposamen eszeniko berritzaileak dira. Musikatik dantza garaikidera, kaleko antzerkiarekin, egitura mugikorrekin edo zirkuko diziplinekin egiten den fusioarekin batera, clown, eskujoko, akrobazia eta txotxongiloak izango dira, besteak beste", azaldu dute antolatzaileek. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilboko Metroarekin eta Bilboko Institutu Frantsesarekin elkarlanean antolatu dute Kalealdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.