Kultura

Bihar irekiko ditu ateak Nafarroako Liburutegi Nagusi berriak

2007an hasi ziren eraikin berria egiteko lanak, eta bihar hasiko da martxan Nafarroako Liburutegi Nagusi Berria eta Filmoteka. 25,7 milioi euroko kostua izan dute lau mailako eta 19.000 metro koadroko eraikin hau egiteko lanek.

Inigo Astiz
2011ko martxoaren 1a
16:22
Entzun
Liburutegi Nagusi Berria du Nafarroak. Gaur goizean izan da inaugurazio ekitaldia eta bihar jarriko da martxan. Iruñeko Mendebaldea auzoan eraiki du Nafarroako Gobernuak liburutegia eta Nafarroako Filmoteka eta Nafarroako Zinemaren Institutua (INAAC) ere hartuko ditu bere baitan. 25,7 milioi euroko gastua izan dute hura altxatzeko lanek. "Une historikotzat" jo du gaurkoa Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, eta gune berriaren beharra azpimarratu du Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak. "Hau ez da soilik gaur egungo beharrei erantzuteko liburutegi bat; etorkizuneko Nafarroako Liburutegi Nagusi eta Filmoteka da, batez ere".

2007an hasi ziren eraikuntza lanak, eta hasieratik kokatu zuen Nafarroako Gobernuak proiektua lehentasunen artean, Nafarroa 2012 plan estrategikoaren baitan. Eraikuntza lanak bukatuta, aurtengo irailaz geroztik lekualdatze lanak zirela eta etenda egon da mailegu zerbitzua, eta hainbat kexa izan da horregatik. Orain arte liburutegi nagusi izandako San Frantzisko plazako liburutegia Alde Zaharreko auzo liburutegi izango da hemendik aurrera, bestalde, eta elkarretaratzeak egiten dabiltza hori salatzeko zenbait iruindar.

1.245.000 dokumentu har ditzake bere baitan eraikin berriak, eta eskura izango dituzte kontsultarako haietariko 145.000 bat erabiltzaileek bihartik aurrera. Proiekzio aretoa, erakusketa gune bat eta ikertzaileentzako guneak ere izango ditu Mendebaldeako liburutegiak. Horrez gainera, mailegu sistema automatikoa jarriko dute martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.