kulTURA

Bihar izango da Xabier Leteren aldeko hileta elizkizuna, Urnietan

19:00etan hasiko da meza, eta Jose Maria Setienek emango du. Gorpua gaur eguerdian erraustu egin dute, eta hautsak Urnietako hilerrira eramango dituzte. Larunbat gauean hil zen idazle, poeta eta kantari handia. Urnietako Udalak hura "aitortzeko eta dagokion errespetua agertzeko" ekimenak egingo ditu. Reala-Athletic derbian minutu bateko isilunea gorde dute eta Durangoko Azokan omenaldia egin diote.

2010eko abenduaren 6a
19:12
Entzun
Xabier Leteren (Oiartzun 1944, Donostia 2010) aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, Urnietako elizan 19:00etatik aurrera -herri horretan bizi zen-. Jose Maria Setien Donostiako gotzain eremituak emango du meza. Euskal idazle, poeta eta kantari handia larunbat gauean hil zen, Donostia Ospitalean, eta atzo eguerditik haren gorpua Hernaniko beilatokian egon da.

Gorpua erraustu egin dute eguerdian Donostian, intimitatean. Senideez gain, beste lagun batzuk ere izan dira; besteak beste, Antton Valverde eta Paco Ibáñez abeslariak, Joan Mari Irigoien idazlea eta Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia. Hautsak Urnietako hilerrira eraman dituzte, Lourdes Iriondo zenaren ondora -Leteren emaztea zen Iriondo-.

Urnietako Udalak batzar berezia egin zuen atzo, eta Leterekiko "zorra" duela adierazi zuen agiri instituzionalean. Lete "aitortzeko eta dagokion errespetua agertzeko" ekimenak antolatzeko prest azaldu da Udala, Mikel Izagirre alkateak esan zuenez. Gauean, berriz, Reala-Athletic derbia hastear zela minutu bateko isilunea gorde zuten atzo Anoeta estadioan. Durangoko Azokan omenaldia egin zioten, haren kanta batzuk abestuz.

Lete ostiraletik Donostiako erietxean zeukaten, lasaigarriak emanda, haren osasunak okerrera egin zuelako. 1985ean gaixotasun larri bat antzeman zioten.

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, baina kantaria baino gehiago idazlea izan da, eta poesian eman ditu alerik ederrenak. Azken liburua duela bi urte argitaratu zuen: Egunsentiaren esku izoztuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.