Pertsonen, herri baten, historiaren zentzuaz, askatasunaz eta justiziaz, zertaz idatzi behar du egile batek bestela? Baina nondik idazten du? Kontzentrazio esparrutik, Pragatik, orainalditik iraganera...
1931n jaiotako idazleak zer ikusi du bere begiekin? 80 urte ezagutu ditu, berrogei begi bakoitzeko, eta haren gordailu-edo, bere hirian kokatutako memoria bat jasotzen du Ivan Klimak El espíritu de Praga-n (Acantilado), txekieraz argitaratu ez eta editore ingelesek proposatuta kaleratu den liburuan. Bateko edo besteko aldizkarietarako idatzitako artikuluak dira; idatzitakoak, denek ez baitzuten argia ikusi, asko paperback edo samizdat-etan argitaratu baitziren bestela, gerra ostean eskuz esku ibili ziren inprimaki klandestinoetan. Orain denak bilduma bakar batean gordetzen ditu, Txekoslovakiaren 50 urteko kronika bat eskaintzeko, aldi berean lekuko eta biktima izan zen baten bihotz-begiek ikusi eta hiri batek sentitu zuena jasoz.
Hiri hori Praga da, eta lekukoa, Ivan Klima. Bera ume zela, judu izateagatik, gurasoekin, naziek Terezineko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Handik aske, sobietarren garaiko autore debekatua Txekoslovakia berria izango zenaren ahotsa izan zen.
Idazteko modu bat
Baina libre edo libreago izateko idatzi ohi duenak ez du libre idazten. Ezkutuko edizioekin aritzen zirenek gauza bera esan dezakete: libre izateko, klandestinoki idazten zuten, jendeak irakurtzeko, baina polizia sekretuak harrapatzeko beldurrez. Atzerriko armadetan oinarri zuen bakeak ez zuen kritika nahi, eta sorkuntzaren larre guztiak hesitu zituen. Oso-osorik debekatu zuen kultura txekiarra; horrenbestez, idazleek ezin idatzi zuten euren ama hizkuntzan, ez eta hitz librearen adieran ere.
Hunkigarriak dira Klimak Philip Rothi idatzitako gutunak aldehorretatik: «Gure hemengo bizitza ez da oso itxaropentsua: ezohikotasunak gehiegi irauten du eta etsigarria da. Jazarriak gara denbora osoz, ez digute hitz bakar bat ere argitaratzen uzten; galdeketetara deitzen gaituzte, gure lagunetako batzuk denbora labur baterako atxilo gordetzen dituzte. Ni ez nago preso, baina gidabaimena kendu didate (arrazoirik batere gabe, jakina), telefonoa linerarik gabe dut. Eta, okerrago dena, nire lagunetako batek...».
Kasu bakan bat ez, belaunaldi oso baten ezina zen. 70eko hamarkadan, argitaratzea debekatua zuten idazleek hilabetean behin zita egina zuten baten baten etxean. Hara biltzen ziren Vaclav Havel, Jiri Grusa, Ludvic Vaculik, Pavel Kohout, Alexandr Kliment, Jan Trefulka, Milan Uhde eta beste hainbat. Beste inori ezin eta, elkarri irakurtzen zizkioten idatzi haiek. Bilera haiek lagun talde baten juntadizoa baino gehiago ziren. Bertaratu ezin ziren arren, Bohumil Hrabal eta Jaroslav Seifertek ere testuak bidaltzen zituzten, bertan irakur zitzaten. Ezkutuko Txekoslovakiaren ahotsa piztu zen bertan.
Askatasun espazio bat zirudiena ez zen hala, ordea. Poliziak zelatatuta zeudelako, bilerak utzi eta norberak etxean idatzitakoa argitaratzeko deliberoa hartu zuten: makinaz pasatu eta saldu egingo zituzten.
Hamar edo hogei aleko edizioak ziren. Ale bakoitzak liburu baten prezioa hirukoizten zuen. Jendea debekatuaren egarri zen. Zer ote zioten debekatzen zituzten hitz haiek? Irakurtzen zutenaren oso ezberdinak al ziren? Ivan Klimak, liburu honetan, literatur klandestino baten kronika ere egiten du. Ofizialaren azpitik agertu nahi duen hitz emari baten memoria. Han kontatzen da nola garatu ziren ezkutuko paperback-ak, nola landu zuten edizioa artista plastikoen laguntzarekin, nola ugaritu zituzten tiradak, nola irakurleak gehitzen joan zitzaizkien... Idazleak ez ezik, filosofo, historialari, soziologo, katoliko, musikazaleak ere hasi ziren samizdat-en bidez argitaratzen. Azkenean, argitaratzeko debekurik ez zutenek ere agertzeko modu huraxe hautatu zuten eurentzat. Kultura baten adierazteko modua zen, independente eta librea, okupazioko ofizialaren aurrean. Polizia jazartzen saiatu zen hastapenetan, baina hura mila buruko dragoia menderatzea bezain zaila zela konturatu zen. Urteek aurrera egin ahala, ez ziren bat edo hamar ezkutuko paperak, milaka ziren. Gazteek ere gustuko zituzten, debekuaren lurrina zeriolako eta berria zelako. Ezinezkoa zen hura gelditzea, altzairuaren azpian hezur-haragizkoak bizirik ziren eta ahotsa zuten.
Debekatuaren lilura eta ostrazismoa
Askatasunaren prezioa ezagutu zuen libre izan nahi zuen idazle belaunaldi hark, ordea. Beste Txekoslovakia bat irudikatzen zuten hitzek, eta haiek jendearengan harrobi egiten zuten ideiengatik zigortu egin zituzten idazle asko. Idazleak idazten ez beste edozertan enplegatzen zituen Estatuak. Idazle debekatu ia guztiek eskuekin lan eginez atera behar izan zuten bizitzekoa, baina idatzi gabe. Milan Kunderak kontatu bezala, kristalak garbitzen egiten zuen lan idazle jende askok. Beste zenbait metroaren eraikuntzan, hondeamakina edo garabietan edota arkeologia ikerketan aritu zen, peoi. Beharraren injustizia eta krudeltasunak askoren idazle ibilbidea amaitu zuen: akituegiak heltzen ziren sortze lanerako; libre idazteagatik ordainarazten zieten zigorra altuegia zen. Idazten zuenak, ondorioz, atsedenari, bizitza pertsonalari, loari, askatasunari, familiari kendu behar zien denbora. Nekez izango zen bestela idazle Txekoslovakian.
Laska & Smeti (Amor y basura, Acantilado) tituluko liburua argigarria da klandestinitateko idazle txekiarren egoera ulertzeko. Bertan, Klimak Txekiako idazle ezagun baten gorabeherak eleberri bihurtzen ditu. Idatzi ezin, eta zarama biltzailea da ofizioz.
Nola jokatu halako egoeran?
Ezkutuka paperback-etan idatzitako zutabe eta artikuluez gainera, editore ingelesek liburua osatzeko Ivan Klimari eskatutako Pragari eta haurtzaroari buruzko saiakerak aurkituko ditu irakurleak. Garai bat ez ezik, mundu bat ulertzeko modu bat da liburu hau. Txekoslovakia eta II. Mundu Gerra osteko Europa, nazismoaren eta sobietarren eraginpeko mundua eta literatura... Baina, batez ere, mundu totalitarioetan askatasuna bilatu nahi duen jende baten lekukotasuna da: nola jokatzen dute pertsonek halako egoera batean? Zer garrantzi du adiskidetasunak? Eta literaturak?
Askatasunaren eta justiziaren ideia unibertsal baten jiran antolatu du bere lan literarioa Ivan Klimak. «Mundua edozein unetan apur daitekeela ikasi nuen haurtzaroan, kontzentrazio esparruan, eta egunero gogorarazten dut», esaten digu. Eta hala ematen digu, hautsi eta berriz itsatsita, mila mugetan marratuta dagoen Europa baten lekukotasun txikia.
Baina literatura memoria eta politika baino gehiago da: «Literaturak ez du zertan sistema polikoen inguruan hausnartu; haratago doa: sistemak gizakiari eragiten dion guztiaren inguruan hausnarraraz dezake». Eta hori ere bada: pertsona bat, garai bat eta leku bat. Ivan Klima, II. Mundu Gerra osteko Europa eta Praga.
LITERATURA
Biktima eta lekuko: hiri baten hitzak
Ivan Klima XX. mendeko Europaren lekuko (eta biktima) bizia da. Naziak eta estalinistak, merkatu beltza eta merkatu mugarik gabekoa... Praga mundu txikitzat harturik, historiak mareagora ekarritakoa erakusten digu, ahanzturak mareabeheran berekin eraman ez dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu