«Gauza konkretu baten bila joan ginen, baina beste bat aurkitu genuen: hor zegoena, baina hara heldu arte ikusi ez genuena». Aurreikusitakotik ezberdina izango da Prototipoak. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa, Rosa Casado komisarioak nabarmendu duenez. 2019an hasi ziren egitasmoko zortzi proiektuak garatzen, eta 2020an ziren horiek aurkeztekoak, baina urtebetez atzeratu behar izan dute pandemiaren ondorioz. Azkenean, ekainaren 1etik 5era bitarte erakutsiko dira, aparteko denbora tarteari esker obrak «etengabe birkolokatu eta berrorientatu» ondoren, komisarioaren arabera. Bilboko Azkuna zentroko hainbat gune okupatu, eta horiekin elkar eragina izango dute proposamenek, askotariko diziplinetatik abiatuta: ikusizko arteak, argazkilaritza, zinema, arkitektura eta performancea jorratu eta, zenbait kasutan, uztartu dituzte lanon konposizioan.
Zentroko terraza, auditoriuma, atondoa eta Lantegietako guneak beteko dituzte proiektuek, kokapenok modu «ez-tradizionalean» erabiliz, Fernando Perez Azkunako zuzendariak adierazi duenez. Errealitateari helduko diote, haren «dualtasunei» zehazki, Casadoren hitzetan: «Publikoa eta pribatua; etxekoa eta kanpokoa; edota gizatiarra eta ez-gizatiarra. Proiektu guztiek erlazioak islatzen dituzte». Baina, elementuon ageriko aurkakotasuna gorabehera, proposamenetan «besarkatuta» ageriko direla dio komisarioak: «Dualtasun hauek elkar osatzen dira: elkar konfiguratu eta antzaldatu egiten dira».
Orotara, 11 sortzaile batu ditu Prototipoak programak: Sra. Polaroiskako Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe, Jose Ramon Ais, Diego Sologuren eta Sebastien Tripod, Maider Lopez, Laida Lertxundi eta Ren Ebel, Elssie Ansareo, Elena Aitzkoa eta Amalia Fernandez.
Inguruak baldintzatuta
Guneak eta piezek duten elkar eraginaren isla nabarmena da, esaterako, Amalia Fernandezen Atzera begirako expografia proiektuan. Jatorrian lan eszenikoa zena erakusketa formatura moldatuko du Prototipoak-en, eta eraldaketaren gakoa lana tokian «txertatzea» izango da, artistak azaldu duenez: «Elkarri esanahi berriak emango dizkiote lekuak eta nik egiten dudanak: asmoa da ikustea nola aldatzen den tokia egiten dudanaren ondorioz». Aldaketa bat egongo da, baina, betiere, jatorrizko obraren «identitatea» mantenduta.
Era berean, gunea bete-betean sartu da Sra. Polaroiska taldearen Hiru Haiku ikus-entzunezkoan, baina, kasu honetan, ez Azkunakoa. Areago, halako tokietatik -hiri eta herrietatik- berariaz aldendu ziren Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe kideak, «kontenplaziorako» abagunea naturan aurkitzeko asmoarekin, Arenzanak adierazi duenez: «Detaile txikien behaketa da abiapuntua».
Naturak blaitu du, halaber, Elena Aitzkoaren Lendia Song erakusketa. Apirilaren bukaeratik bisitatu daiteke BAT Lantegian, baina ekainaren 2tik 5era bitarte performance serie batekin biribilduko du artistak pieza bilduma. Apodakako (Araba) Lendia aintziran inspiratuta dago, eta Aitzkoak paisaia harekin egingo du bat eskulturen bidez.
Elssie Ansareok, berriz, lagun maitatu batekin egingo du bat, hilabeteetako itxialdian elkar ikusi gabe egon ondoren. Bere lagunaren azalaren, eskuen eta bestelako xehetasunen 21 argazki eta bideo bat biltzen dituen bilduma BIO-INT-DÍA izendatu du, zinema gidoietan lokalizazioa adierazteko erabiltzen den terminologia baliatuz: Bilbao-Interior-Día -alegia, Bilbo-Barnealdea-Egunez-; hain zuzen, bere itxialdia deskribatzen dituzten parametroak. «Lagunarekin berriz elkartu zeneko sentsazioak eta emozioak gogoratzen ditu proiektuak. Gertukoen zirkulua ospatzen du, zeinak eusten baituen», Casadoren arabera. Irailaren 19ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, Azkunako atondoan.
Ingurua baldintzatzea
Emakume bat Bilboko Zazpikaleetan eta Atxuri auzoan, egunero ibilbide bera egiten, hilabete batez. Hori agertzen du Maider Lopezen Personaje lanak. «Asmatutako errutina bat garatzen du», dio Casadok. Baina ezohiko ñabardura batekin: «Landare handi bat eskuetan daramala egiten du bidea. Lekuz kanpo dagoen zerbait da; transformazio txiki bat txertatzen du egunerokotasunean eta espazio publikoan». Hiriarekin izandako harreman hori 30 argazkiz osatutako bi serie, bi bideo, eta emakumearen sentsazioak biltzen dituen eguneroko batean islatu du. Komisarioak nabarmendu duenez, argazki serie batek espazioa du hizpide, eta besteak, berriz, denbora: «Errealitatea osatzen duten bi planoak, hain justu».
Diego Sologurenek eta Sebastien Tripodek arkitekturaren bidez esku hartu dute espazio publikoan, biologiako eta ingurumen zientzietako adituen laguntzarekin. Hala ondu dute BroadWindow, Azkuna zentroko mendebaldeko fatxadan sortu duten biotopoa. «Dispositibo txiki batzuei esker, eraikina ingurumenarekin lotu dugu, hirietan galdutako bioaniztasuna berreskuratzeko eta galeraz kontzientziatzeko asmoarekin», azaldu du Sologurenek.
Biotopo oso bat eratzera heldu gabe, natura hirian sartzeko ariketak lotzen du Jose Ramon Aisen lana Sologuren eta Tripodenarekin. Baso bidaiariak proiektuan, Aisek zuhaitz batzuk lerrokatu ditu Azkunako terrazan, Bilboko Udaleko teknikarien laguntzarekin. Zehazki, haritzak, pagoak, lizarrak, palmondoak eta pinuak hautatu ditu Aisek, Euskal Herriko jatorrizko espezieak batzuk, kolonizatzaileak besteak, baina denak «elkarrizketan», artistak nabarmendu duenez.
Gainera, Laida Lertxundik eta Ren Ebelek Azkunako auditoriuma zinema bilakatuko dute, grabatzen ari diren Working from filmetik dagoeneko grabatutakoa erakusteko. Etxeko bizitzaren eta arlo profesionalaren arteko talkaz eta uztarketaz dihardu ekoizpenak, Casadoren arabera: «Kezka erakusten dute ume bat zaintzearen eta bizitzari eusten dioten lan ikusezinak egitearen zailtasunaren inguruan; ikusgaitasuna eman nahi diote horri». Orain arte egindako lana proiektatuko dute, editatu gabea: ondorioz, Notes on Working from izena jarri diote emanaldiari.