Kultura

Bilboko Guggenheim museoan %3 hazi da bisitari kopurua 2003an

Bilboko Guggenheim museoak %3ko hazkundea izan du 2003ko bisitari kopuruan. Horri esker, %70eko autofinantziazio mailari eutsi dio iazko kontuetan. Hala adierazi du Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak, pasa den urteko datuen berri ematerakoan. Horrekin batera, aurtengo egitaraua aurkeztu du arduradunak eta "asmo handikoa" dela adierazi du. Egitarau horretan, museoak James Rosenquist-i eskainiko dion erakusketa nabarmentzen da.

2004ko urtarrilaren 13a
16:46
Entzun
Iaz, guztira, 874.807 bisitari izan zituen museoak zazpi erakusketetan. Vidartek positibotzat jo du egitarau artistiko hori eta "gustura" azaldu da autofinantziazio mailarekin. Ildo honetan, museoaren jarduera ekonomikoa 173 milioi eurokoa izan dela esan du. Bisitariei dagokienez, 2003an erakusketak ikusi zituztenen artean, hamarretik bederatzi EAEz kanpotik etorri ziren. Aurtengo, 850.000 bisitari espero dituzte museoko arduradunek.

2004ko egitaraua

Udaberrian James Rosenquist, XX. mende erdialdeko "pop" arte estatubatuarreko ordezkariaren erakusketa izango da ikusgai. Atzerabegirako honek, artista honek 40 urtetan sortutako 150 lan inguru bilduko ditu. Erakusketa hau, aurten, New York-en eta Bilbon bakarrik ikusi ahal izango da.

Uda, berriz, 2004ko beste erakusketa garrantzitsuaren garaia izango da. Orduan, Mark Rothko, AEBetako arte modernoko artista handia izango du gonbidatu Bilboko museoak. Aurtengo beste erakusketen artean, Jorge Oteiza euskal artistari eta Pablo Picasso Malagako pintoreari eskainitakoak daude. Urte bukaeran, Berpizkundeko artean marrazkiak izandako garrantzia azaltzen duten Miguel Angel, Rafael eta Leonardo Da Vincin lanak erakutsiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.