Bizkaiko bertsolari gazteek iragan urtarriletik uztailera bitartean aurrera eraman zuten Txapel Bete Bertso ekimena berriro abian da. Lehendabiziko txanda hartan 84 bertso saio egin zituzten, eta bigarren aldi honetan beste horrenbeste antolatu nahi dituzte. Guztira 51 bertsolarik eman dute izena saio horietan aritzeko.
Antolatzaileek proiektuari buruzko balantze ona egin zuten joan den astelehenean ekimenaren bigarren txanda aurkeztu zutenean: "Egindako beharragaz pozik gaude, bai edukitako entzule kopuruari begira, bai kantatu dugun lekuei begira. Lurraldeko bazter askotara heldu gara, eta itxura batean behintzat, bertsolaritza errotu barik dagoen lekuetan ere ondo hartu gaituzte, eta jendea batzea lortu dugu", adierazi zuten.
Martxoan egin zituzten saioetan bildutako dirua 'Berria'-ri eman zioten. Orain, azaroko saioetan bilduko dutena, Irunberriko (Nafarroa) Arangoiti ikastolarentzat izango da.
Bertsolaritza
Bilbon eta Algortan egingo diren saio banarekin, bihar ekingo diote berriro Txapel Bete Bertso ekimenari
Txapel Bete Bertso ekimenaren barruan, bi bertso saio izango dira bihar: batetik, Josu Martinez, Xabier Paia, Jokin Kastaños eta Miren Ibarluzea arituko dira Bilboko Santutxu auzoko Sorgintxulo gaztetxean, eta, bestetik, Gabi Basañez, Zihara Enbeita, Aitzol de Castro eta Ander Elortegi Algortako Herriko Tabernan. Urtea amaitu bitartean 30 bat saio izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu