Bilduma bat, hiru ikuspegi

Munduaren, pertsonaren eta artearen beraren gogoeta egin du Artiumek, bere funtsetako 200 artelan ingururen bitartezJorge Oteizaren 'Homenaje a Velazquez' lana da hiru erakusketen abiapuntua

Fernando Sanchez Castilloren Hiritar perspektiba artelana, Simeon Saizen zenbati lanen aurrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Artiumen hazia izan zen arte garaikidekobildumariomenaldia egingo diote gaurtik aurrera, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren hamargarren urteurrena dela eta. Gaurtik bertatik, bildumako lanek ia osorik bereganatuko dute erakustokia: ia 4.000 metro koadro. Bildumak horren eremu handia hartuko duen lehen aldia da, baina Artiumek sorreratik erakusketei eman dien nortasuna izango du. Artelanen arteko harremanak eta elkarrizketa sustatu dituzte. Hori bai, betiere abiapuntu beretik hasi, eta, haritik tiraka, sortutako elkarrizketak.

Haritik tiraka izeneko erakusketa bakarra izan arren, hirutan zatituta dago arteak lantzen dituen gai nagusien arabera, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendari eta erakusketako atal bateko komisarioak azaldu bezala. «Munduari buruz hitz egiten duen artea dago, gizakiari buruz hitz egiten duena, eta, azkenik, arteari buruz hitz egiten duen artea». Blanca de la Torre eta Enrique Martinez Goikoetxea Artiumeko kontserbadoreak eta Castillejo bera arduratu dira bildumako artelanen bidez erakusketa lantzeaz.

Hiru gai horiek zehaztuta haritik tiratzen hasteko puntu komuna erabaki zuten: Jorge Oteizaren Homenaje a Velazquez eskultura. «Artelan enblematikoa behar genuen hasteko, artearentzat orokorrean eta euskal artearentzat bereziki, eta Artiumentzat garrantzitsua den artelana». Castillejok Oteizaren lan horren «soiltasuna» nabarmendu du, baita proposatzen duen diskurtsoaren konplexutasuna ere.

Hiru erakusketen artean bildumako 200 artelan inguru ikusi ahal izango dira, eta horietako 58 lehenengo aldiz gainera. «Pieza berriak ateratzen saiatu gara, elkarren artean elkarrizketak sortzeko», azaldu du Castillejok. Artelanen arteko harreman horiei esker, arte garaikidearen ikuspuntu zabala eskaintzen dute, baina, aldi berean, oso gai jakinetan murgiltzen da.

Haritik tiraka erakusketaren hiru adarrak gaur inauguratuko dituzten arren, hainbat alditan itxiko dituzte. De la Torrek egindako Atrakzioen muntaketa urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik, Castillejoren Erraiezko arima otsailaren 3ra arte egongo da, eta Martinez Goikoetxearen Ispilu irudia-k udara arte iraungo du.

Muntaketaren indarra

Iparra aretoan, Blanca de la Torrek munduari buruz hitz egiten duen artearen gaia lantzen du Atrakzioen muntaketa erakusketarekin. Izen horrek Sergei Eisenstein zinema zuzendaria gogorarazten du, eta De la Torrek zinemaren ikuspuntu horretatik heltzen dio gaiari. «Eisensteinek zinema tresna politikotzat jo zuen, eta diskurtso horretaz jabetu naiz erakusketa egiteko; erakusketa baten edo film baten muntaketaren artean parekotasun handiak ikusi ditut». Oteizak zinemarekin duen harremana baliatu du De la Torrek erakusketarekin hasteko. Orioko artista Acteon filma egiten saiatu zen, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin; horren dokumentazioa ikusi daiteke: gidoia, musika, aktoreak...

De la Torrek zinemaren baliabideak erabiltzen ditu erakusketan. Denboran atzera eta aurrera egindako jauziak daude, aurretik egondako erakusketak gogora ekarri, edota etorkizunean egongo direnen zantzuak erakusten duten lanak kasurako. Pantailatik at gertatzen diren ekintzak ere badaude, erakusketan erreferentzia egiten zaien baina beste leku batean dauden artelanak, gizon eta emakumezkoen komunetan daudenak kasu. Muntaketa horrek diskurtsoaren tentsioa handitzen du aretoz areto; nortasunak egiteari buruz hitz egiten du, Europak koloniekiko izan duen jarreraren ikuspuntuak, borroka armatua, guda...

Enrique Martinez GoikoetxeakIspilu irudia erakusketan arteari buruz hitz egiten duen artea aztertu du, Hegoa aretoan, betiere Artiumeko bildumako lanak baliatuta. Oteizaren lanak azken mendean arteak izan dituen bilakaeraren «aipamen, omenaldi eta manifestu sare baten ikuspegi liluragarria» eskaintzen duela azaldu du. Artearen izaera berritzaileari heltzen dio. Artearen hizkuntzari garrantzia eman dioten artistak zein artearen historiari begiratu dioten artisten lanak biltzen ditu, beti izaera kritikoa izan dutenena.

Barrurako begirada

Ekialdeko Beheko Aretoan antolatutako Erraiezko arima erakusketarekin introspekziorako deia egiten du Daniel Castillejok. Oteizaren lana erabiliz, pertsonaren sorrerarako bidaia bat proposatu du Castillejok, giza garapentzat har daitekeen prozesu batean. Umetokitik gure izaeraren kontzientzia hartzera arte. Ezberdintasunaren pertzepziotik familia eta gizarteratze prozesura arte. Inguruneak baldintzatutako begiradetatik erabateko abstrakziora arte.

Artiumeko bildumari egindako omenaldiarekin batera, bilduma hasi zuten hiru pertsonak ere omenduko dituzte gaur. Hain zuzen ere, Cayetano Ezkerra, Pascual Jover eta Pedro San Cristobalek duela 40 urte inguru hasi zutengaurtik aurrera, haritik tiraka, gozatu ahal izango den arte garaikideko bilduma .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.