Markinan (Bizkaia), Gaztemugi topaketetan elkartu ziren musikari eta musikazale batzuk aurrenekoz. 2005eko martxoa zen, eta bide bat markatu zuten. Han sortutako ideiei forma emateko intentzioarekin bide horri jarraitu zioten, eta eraman zituen Arrasate, Gasteiz, Bilbo, Donibane Lohizune eta Burlatara (Nafarroa). Bilbora gero, eta musikari eta musikazale haiek «Euskal Herrikoa, parte hartzailea eta autogestionatua» izango zen musika proiektua aurkeztu zuten: Musikherria kolektiboa. Sortu, berriz, hilabete batzuk geroago, 2006ko martxoan, Durangon egindako aurkezpen jaialdian. Baina Gorka Chamorro Musikherriako kideak esan bezala, bide horrek biribilgune batera eraman ditu azkenean, eta «ezin horretatik atera». Chamorroren ustez, kolektiboak«nekeagatik» esan du agur, bai eta «hasierako indarra galdu» dutelako ere. Zazpi urteotan, ordea, 74 kide edo bakarlari pasatu dira koletiktibotik, eta 82 lan kaleratu dituzte euskarri fisikoan. «Uste dut euskal kulturaren katalogoan gure lekua egin dugula».
Zazpi urtean egindakoa. Halere, Musikherria bera zen, Chamorrorren ustez — Sirokako bateria jotzailea eta Zein da Zein? taldeko abeslaria—, «Musikherriari aurrera egiten uzten ez ziona». Batez ere, uste du, ez dutelako asmatu diskurtsoa eguneratzen. «Edo ez dugu aurkitu atzetik tiraka datorren jendea. Denok kolektiboaren euritakoaren azpian kokatu arren, denok ez dugu Musikherria berdin ikusi edo sentitu». Azkenean, «tiraka» zebiltzan horiek nekatu egin dira.
«Beti» eduki dute «izaera kolektiboa», eta «herri mugimenduaren parte» izan dira Musikherriako kideak. Hortaz, «autokritika» egin dute, baina, aldi berean, «kultura negozio bihurtu nahi dutenak» edo denbora honetan «erreferentetzat» hartu ez dituztenak kritikatu dituzte. «Horrek ere nekea eragiten du. Guk argi daukagu autokritika egin behar genuela, ondo bezala gauza asko egin ditugulako gaizki».
Hasteko, ondo egindakoak zerrendatu ditu. «Gure erara, baina borroka askotan eragin dugu. Beti eduki izan dugu argi kontzertuen, diskoen bidez ekintzak egingo genituela». Eta horretan ibili dira. «CD koletibo dezente egin ditugu. AHTaren kontrako manifestazio baten harira ateratakoa, Ikasle Abertzaleen aldekoa, Topagunekoa, Sahararen aldekoa...». Eta horien salmentetatik ateratako dirua elkarteei eman zieten. «Uste genuelako hori izan zitekeela gure aportazioa». Gainera, Musikherriako taldeekin osatutako hiru bilduma kaleratu dituzte.
Filosofia berarekin
Baina autokritika ere egin du. «Ez dugu jakin gure filosofia azaltzen eta horrekin eragileengana iristen. Hori pentsatu nahi dut. Izan ere, heldu bagara, entzun bagaituzte, eta ez badigute kasurik egin, okerragoa litzateke». Musikherria ixteko arrazoietako bat izan da hori,baina kolektiboaren «filosofiari» dagokionez, Chamorrok uste du «betikoari» eusten diotela: «Aurrerantzean zerbait egiten badugu, orain arteko filosofia berarekin izango da. Jarraituko dugu copyleftarekin lan egiten, herri honetan alternatiba bat eskaintzen, autogestioan sinesten, diskurtso bat duten kantak kaleratzen eta eragileei ahal bezala laguntzen». Izan ere, kolektiboaren azken bileretan «hori bera» ikusi ahal izan du. «Oso pozik nago horregatik. Alde egin dutenek, antza, beste ideia batzuk dituzte, kontraesanak ere igual...».
Beraz, zazpi urteok «oso positiboak» izan dira Chamorrorentzat: «Balio izan didate ikasteko, ikusteko zer egin nahi dudan eta zer ez, eta nire filosofia baieztatzeko». Frogatu ahal izan du interes ekonomikorik ez dagoenean «arazorik ez» dagoela eta diskoetxeek «etekin ekonomikoari» baino ez diotela begiratzen. Haren ustez, Musikherriak erakutsi du indarrak bilduz gero jendeak «kasu gehiago» egiten duela. Eta iragarri du ez dela «denbora asko pasatuko» Musikherriako batzuek beste zerbait egin arte. Biribilgunetik irtendakoan.
@Musikherriaren agurraren oharra irakurtzeko, bisitatu webgune hau: www.musikherria.org
Biribilgunetik ezin irten
Musikherria kolektiboak agur esan du zazpi urteko ibiliaren ondoren, «nekeagatik» eta hasieran zuen indarra galdu duelako74 talde edo bakarlari izan ditu kide, eta 82 lan kaleratu ditu euskarri fisikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu