Alberto Barandiaran. Kazetaria eta idazlea

«Bitxia da, ez baita ohikoa hartzaileak eta sortzaileak batera joatea»

Igor Susaeta.
Villabona
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
«Bertsozale apala» da Alberto Barandiaran (Altsasu, Nafarroa, 1964). Urtebete behar izan du lana osatzeko, eta «gustura» dago azken emaitzarekin.

Zer sentitu zenuen liburua osatzea eskatu zizutenean?

Interesgarria iruditu zitzaidan. Kazetari bat behar zuten informazioa kondentsatzeko. Kanpoko, edo ez hain kanpoko, ikuspegi batekin, arazoak, eztabaidak eta alde onak, denak biltzea izan da nire ahaleginik handiena.

Nola antolatu duzu lana?

Informazio asko dauka elkarteak. Milaka folio antolatu eta begiratu ditut. Urteetan prentsan ateratako dokumentazioa edo elkarteak berez sortu duena jaso dut. Eta gero elkarrizketak txertatu ditut. 35 egin ditut guztira, eta horietako sei liburuan sartu. Ez nuen txosten bat nahi, lan koral bat baizik. Gauza irakurgarri eta bizia egin nahi nuen. Euskal Herriko kultur mugimenduari garrantzia ematen saiatu naiz, herri honek azken 25 urteotan egindako ibilian oso txertatuta dagoelako; bai, behintzat, euskalgintzan.

Liburua egiten ari zinenean, zerk edo nork erakarri zuen zure atentzioa?

Bi gako daudela uste dut. Batetik, bertsolaritza sormen lan pribatua, intimoa, da, baina agerikoa ere bai, publikoarekin jokatzen den neurrian. Baina sormen hori kultur proiektu baten mesedetan jartzea, hori bada harrigarria, zaila, eta elkarteak ondo kudeatu duena. Eta, bestetik, bertsozaleak eta bertsolariak langintza berean batu ditu elkarteak. Hau ez da bertsolarien elkarte bat, bertsozale eta bertsolariena baizik. Are gehiago: bertsozaleek askoz ere parte hartze eta garrantzi handiagoa izan zuten elkartearen hasierako urteetan. Bitxia da, ez baita ohikoa hartzaileak eta sortzaileak batera joatea.

Zuk zeuk zer ikasi duzu liburua egiten pasatu duzun denboran? Zer eman dizu lan horrek?

Iruditzen zait herri honen herri kulturaren parte handi bat liburuan idatzita dagoela. Herri honen historiarekin oso lotuta dago. Elkartea sortu zenetik gaurdaino euskalgintza, gutxienez, nola aldatu den esplikatzen duten pista asko ematen dizkigu liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.