Kultura

Bizitzari idatzi zion poeta

Pablo Nerudaren poesiak munduko hainbat herri konkistatu ditu; makina bat hizkuntzatan kaleratu dira Txileko idazlearen obrak.

2004ko uztailaren 12a
10:23
Entzun
Hamalau urte baino ez zituela hasi zuen literaturarako bidea Neftali Ricardo Reyes Basoalto gaztetxoak hala zuen izena Pablo Nerudak. Parralen jaio zen, Txileko hegoaldeko eskualde euritsu eta hezean, bihar ehun urte, 1904ko uztailaren 12an. Irakasle ikasketak egin zitzala nahi zuen bere aitak, irakasle izan zedila. Poesiak ez zuen lekurik Jose del Carmen Reyes aitak semeari desio zion munduan. Ez zuen konprenitzen Neftali gaztetxoak letretarako zuen afizioa, Canto General (Kantu Orokorra) eta Veinte poemas de amor y una canción desesperada (Amodiozko hogei poema eta kanta etsi bat) poema liburu ederren egileak bere gaztaroari buruz hitz egiterakoan inoiz aitortu zuenez. «Nire lehen poesia hitzak gurasoei erakutsi nizkien; jaramonik egin gabe hartu zuen papera aitak, jaramonik egin gabe irakurri, eta jaramonik egin gabe itzuli zidan, esanez: 'Nondik kopiatu duzu?'».

Baina Neftalik argi zuen, poesia egin nahi zuen. Eta Parral utzi eta Santiagorako trena hartu ondoren, Pablo Neruda ezizena erabili zuen idazten zituen poemak garai hartako aldizkarietan argitaratzeko; Corre-Vuela, Revista cultural eta beste hainbeste berripaperetan kaleratu zituen oraindik oso gazte zela eginiko poemak. Soinua gustatzen zitzaiolako aukeratu zuen Pablo; Neruda, aldiz, Jan Neruda poeta txekiarrarengandik jaso zuen.

1923an kaleratu zuen bere aurreneko liburua: Crepusculario (Ilunabarrekoa). Claridad aldizkarian argitaratutako zenbait poema jaso zituen 1924an kaleratu zuen Veinte poemas de amor y una canción desesperada liburuan. Maitasunari eta bizitzari eginiko aitortza zintzoek idazle arras ezagun bihurtu zuten mundu osoan. Pablo Nerudaren literatur ibilbideak politika izan zuen bidelagun banaezin 1927tik aurrera. Txileko enbaxadore izendatu zuten urte hartan, eta kargu horren ondorioz hainbat herritan izan zen: Txinan, Sri Lankan, Birmanian, Espainian... Hainbat idazle izan zituen lagun. Espainian zela, 27ko Belaunaldiko intelektualak ezagutu zituen. Euskal Herriko zenbait idazlerekin ere izan zuen harremanik: Angela Figuera Aymerich eta Blas de Otero poeta bilbotarrekin, besteak beste.

Francoren altxamendua gogor salatu zuen Nerudak, 1937an argitaratu zuen España en el corazón (Espainia bihotzean) liburuan irakur daitekeenez. Errepublikaren aldeko azaldu zen Neruda, eta urte batzuen ondoren, 1945ean, Txileko Alderdi Komunistan sartu zen. II. Mundu Gerraren urteetan senatari aukeratu zuten; Txileko bizitza politikoan bete-betean jardun zuen. 1948an, alabaina, poetak erbestera alde egin behar izan zuen. Urte asko eman zituen atzerrian; erbestean idatzi zuen 1950ean kaleratu zuen Canto General (Kantu Orokorra). 1970ean itzuli zen Txilera. Eta Salvador Allende presidente zuen Unidad Popular alderdi komunistaren alde aritu zen. Allenderen garaipenaren ondoren, Txileko enbaxadore izendatu zuten Parisen. Hainbatetan izendaturik egon eta gero, 1971n iritsi zitzaion Literaturako Nobel Saria. Stockholmeko eliza batean jaso zuen, abenduaren 10ean. Berari buruz mintzatu zen. Bere bizitza ezin zezakeela poesiatik eta politikatik bereizita uler esan zuen. Eta poeta ez zela Jainkoa; areago, poetarik onena irakurleei bere eguneroko lana eskaintzen dien hori dela adierazi zuen. Nerudak lortu du jendearen poeta izatea. Bere obrek makina bat hizkuntzatan ikusi dute argia, eta non-nahiko jendeak irakurtzen ditu bere poemak. «Ni jendetzaren zati bat baino ez naiz», esaten zuen, hala ere, apal eta xume.

Txilek Allende, Jara eta Nerudari negar egin zionekoa

Jendetza horrek txalotu zuen Neruda Txilera bueltan, Santiagoko Estadio Nazionalean. Herritarrak, politikariak eta militarrak bildu ziren bertan Nobel saria irabazitako herrikidea omentzeko. Han zegoen Augusto Pinochet jenerala ere. Urte biren ondoren, estatu kolpe baten bidez Allende presidentea Moneda jauregian hilko zuen jeneral berbera. 1973ko irailaren 11n, Allende ez ezik, Victor Jara musikari eta lagun handia galdu zuen Txilek. Eta Nerudak ere bai.

Handik hamabi egunera hil zen Neruda, Santiagon, 1973ko irailaren 23an. Mundu osoko milaka herritarren ezintasunaren aurrean, senideek eta lagunek idazlearen hilotzari gau beila egin zioten etxea arpilatu eta suntsitu zuen matxinatutako militar talde batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.