Bizkaiko plazan, inoizko aukera gehien

Etzi hasiko da, Mungian, Bertsolari Txapelketa, eta Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Xabi Paya ez dira lehian izango

Irune Berro Urrizelki.
Mungia
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Plazan alkartuko gara da igandean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren leloa. Alabaina, plaza horretan ez dira izango 1994az geroztik txapela jantzi duten hiru bertsolariak; alegia, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya. Bost aldiz izan da txapeldun Elortza, 1998, 2000, 2002, 2004 eta 2008an. Eta birritan, Iturriaga, 1994an eta 1996an. Payak 2006. urtean eskuratu zuen txapela. Aurten ez parte hartzea erabaki dute hirurek, arrazoi desberdinak tarteko.

Horrenbestez, Bizkaiko bertsolaritzaren plaza inoizko irekien egongo da. Sekula txapela jantzi ez duen bertsolari bat aterako da garaile, bai ala bai. Kinielak askotarikoak dira. Eta, jakina, Euskal Herriko Txapelketan iaz ezustekoa eman zuten bertsolarien izenak bolo-bolo dabiltza.

Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak zalantza zirkinik ez du: «maila eta emozio handiko» txapelketa izango dela uste du. Gainera, azken urteetan txapela jantzi dutenak ez egoteak ate-joka datozen bertsolarientzat akuilu izan daitekeela pentsatzen du.

Igande honetan abiatuko da Bizkaiko Txapelketa, Mungian. Eta abenduaren 18an amaituko da, Barakaldon. BECen egingo dute finala, arratsaldez. Eta sarrerak atzodanik eros daitezke Internet bidez,www.bizkaikotxapelketa.biz atarian. Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko saioetako sarrerak, orobat, webgune horretan eros daitezke. Baita saioan saioko leihatiletan ere. Finala Bilboko Miribillako kirol jauregi berrian egitea aztertu zuten antolatzaileek, baina aurten «ezinezkoa» izan dela adierazi du Uriartek. Ez dute baztertzen bi urte barru han egitea.

Plaza digitala ere, abian

Denera, 35 bertsolari lehiatuko dira. Udaberrian jokatutako eskualdeetako kanporaketetatik 29 bertsolari sailkatu dira Bizkaiko Txapelketako kanporaketak jokatzeko. Eta Ibon Ajuria -2006ko finalean izan zen- zuzenean igaro da Aulestiko kanporaketara, eskualdekoan parte hartu barik.Duela urte biko txapelketako gainerako finalistak, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia zuzenean izango dira finalaurrekoetan.

Mirari Azulak, Jurgi Fuentesek, Iñigo Gojenolak, Josu Telleriak, Gorka Intxaurbek, Ainhoa Munitxak, Moises Enbeitak, Iñaki Aurrekoetxeak eta Asier Ibaibarriagak osatuko dute epaile taldea. Gai-jartzaile eta aurkezle, berriz, Maite Berriozabal, Zuriñe Iarritu, Leire Aurrekoetxea, Leire Bilbao eta Bernar Mandaluniz ariko dira.

Halaber, komunikazio talde zabala izango du txapelketak. Egunean eguneko informazioa zabalduko dute txapelketarako propio sorturiko webgunean, www.bizkaikotxapelketa.biz atarian,eta Facebook eta Twiterren bitartez. Kopla Barik telebista digitala ere abiaraziko dute, eta Interneten erakutsiko dituzte saioetako bideoak eta bertsolariei eginiko elkarrizketak. Garikoitz Arregi grafitigileak egin du txapelketako irudia, eta Aitor Etxebarria disko jartzaileak sintonia.



Egitaraua

KANPORAKETAK

Urriak 10: Oihana Bartra, Xabier Enbeita, Julen Erezuma, Itxaso Paia, Ander Elortegi, Julen Sololuze. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal. Mungiako Olalde aretoan, 17:30ean.

Urriak 17: Joseba Artza, Asier Legarreta, Iker Belaustegi, Iñaki Iturriotz, Lander Ibarluzea, Jone Uria. Gai-jartzailea: Bernar Mandaluniz. Balmasedako Klaret antzokian, 17:30ean.

Urriak 24: Mikel Goiriena, Gorka Ostolaza, Arrate Illaro, Ibon Ajuria, Xabat Galletebeitia, Peru Vidal.Gai-jartzailea: Leire Bilbao. Aulestiko kiroldegian, 17:30ean.

Azaroak 7: Eneko Arrate, Ion Barrocal, Beñat Ugartetxea, Olatz Ibarluzea, Gorka Lazkano, Eñaut Uruburu. Gai-jartzailea: Zuriñe Iarritu. Getxoko Goibela kiroldegian, 17:30ean.

FINALAURREKOAK

Azaroak 21: Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Balmasedako 1.a, Aulestiko 1.a, puntuazioz 4.a eta puntuazioz 7.a. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal. Durangoko Landako gunean, 17:30ean.

Azaroak 28: Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Igorreko 1.a, puntuazioz 2.a, puntuazioz 3.a eta puntuazioz 6.a. Gai-jartzailea: Bernar Mandaluniz. Zornotzako Zelaietan zentroan, 17:30ean.

Abenduak 5: Fredi Paia, Getxoko 1.a, Mungiako 1.a, puntuazioz 1.a, puntuazioz 8.a eta puntuazioz 5.a. Gai-jartzailea: Zuriñe Iarritu. Gernikako Jai-alai frontoian, 17:30ean.

FINALA

Abenduak 18: Barakaldoko BEC erakustazokan, 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.