Blake Edwards komedia garaikidearen maisua hil da

'Breakfast at Tiffany's' eta 'The Pink Panter' filmen zuzendariari Ohorezko Oscar saria eman zioten 2004an

Ainhoa Sarasola.
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
1950eko hamarkadan hasi zen zinema egiten, eta berrogei urtetik gora eman zizkion lanbideari. Genero guztiak ukitu bazituen ere, komedia gogoangarri ugari daude Blake Edwardsek (Tulsa, AEB, 1922) utzi dituen 40 pelikulen artean, arrakasta gehien ekarri zion The Pink Panter (1963), esaterako. Film horiei esker eman diote askok komedia garaikidearen maisuaren izendapena. Osasun arrazoiengatik zuzendari lanak utzi bazituen ere, azken unera arte jarraitu zuen gidoiak idazten. Edwards atzo hil zen, 88 urterekin, Bretwooden (Kalifornia, AEB).

Ohorezko Oscar saria emanda, ibilbide artistikoa omendu zion 2004an AEBetako zinemaren munduak. Izan ere, bide oparoa jorratu zuen Edwardsek zinemagintzan, zuzendari gisa ez ezik aktore, gidoigile eta ekoizle lanetan ere aritu baitzen hainbat eta hainbat lanetan. Irratirako eta telebistarako gidoiak idazten hasi zen— Henry Mancini musikariarekin orduan hasi zen elkarlanean—, eta bide horrek zabaldu zion zinemarako atea. Aktore figurante gisa egin zituen lehen lanak, eta 1955ean zuzendu zuen lehen filma: Bring Your Smile Alone komedia musikala. Richard Quinekin osatu zuen taldearen lehen filma izango zen.

Zinemaren historian leku bat irabazi duten hainbat film etorriko ziren ondoren. Urteekin klasiko bihurtuko zen Breakfast at Tiffany's zuzendu zuen 1961ean, komedia erromantikoz mozorrotu zuen drama. Askoren ustez, inoizko interpretazio onena egin zuen Audrey Hepburnek film hartan. Alkoholaren munduaren inguruko komedia garratza ondu zuen handik urtebetera, Days of Wine And Roses, Jack Lemmon, Lee Remick eta Charles Bickford aktoreak zuzenduta. Hurrengo urtean iritsiko zen haren ibilbidea markatu zuen filma. The Pink Panter-ek lortu zuen arrakastak bultzatuta, haren jarraipena izango ziren beste hainbat lan zuzendu zituen hurrengo urteetan Peter Sellersekin: The Return of The Pink Panter, Revenge of The Pink Panter, The Pink Panter Strikes Again...

Hala ere, ia urtero beste film bat sortzen zuenez, ospea eman zioten hainbat lan egiteko denbora izan zuen, tartean, The Race (1965) auto lasterketa zoroa, Bo Derek ezagun egin zuen 10 (1979) eta Julie Andrews haren emazteak protagonista rolean jardun zuen Victor/Victoria (1982). 1993an zuzendu zuen azken filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.