Ubeda hiriko taldeak ez dakar ezer berririk iraupen luzeko estreinako lan honetan. Izan ere, behin eta berriro profanatzen du, besteak beste, Mississippi Fred McDowell, John Lee Hooker eta Hound Dog Taylor blues artista klasikoen ondare lokaztua.
Hala ere, hirukoteak —gitarra, perkusioa eta etxean eginiko soka bakarreko baxua— bere nortasun propioa mantentzen du, batez ere, hitzetan eta abestean. Horren erakusle Gatito doinua: Pericok bluesman batek sekula abestuko ez lukeen moduan botatzen du «Â¿Qué se siente al matar un gatito?» esaldia, andaluziar kutsu nabarmenarekin. Izan ere, bere iruditerian Paris Texas filmeko paisaia sikuak, tantodun soinekoak eta arrain frijitua batzen ditu Guadalupe Platak, lotsagabe eta modu primitiboan —gurean, Berako On Benitok antzera egiten du, Captain Beefhearten blues kubista, Sarrionandiaren testuak eta Zuberoako kantagintza uztartuta—. Primitibismo horren harira, entzuleak ez du moldaketa barrokorik, giro epikorik edo bestelako apaingarririk aurkituko. Bai, ostera, bluesaren funtsa, alegia, erritmo afro-amerikarraren ahalmen hipnotikoa.
Hala, diskoaren lehen kantua, Serpiente Negra, marakek bultzatuta arrastatzen da, gero slide-ak eragindako eztandara iristeko; Estoy roto gau parrandero baten ondorengo aiene etsia da; El Tigre y la Yedra-k vaudeville kutsua du organoa tarteko; eta Rai-k Ry Cooder omentzen du. Hitz bitan, Andaluziako patio landaretsu batean grabaturiko B saileko film baterako soinu banda da, pasarte instrumentalak nagusitzen baitira.
Aurten, behintzat orain arte, entzun dudan disko zirraragarriena da. Mike Maricondak (Raunch Hands) lan aparta egin du masterizazioan, diskoa hiru tokitan grabaturik baitago. Sarean dago eskuragarri, baita diseinu ikusgarriarekin jantzita datorren LP formatuan ere, deabruaren pop-up-a eta guzti. Jon Spencer musikari eta entertainer estatubatuarrak honela oihukatuko luke: «Blues is number one!».
Musika. GUADALUPE PLATA.Diskoa:'Guadalupe Plata'.Diskoetxea:Folc Records.
'Blues is number one'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu