Besteari, Borgesi gertatzen zaizkio gauzak. Ni Buenos Airesen barrena ibiltzen naiz eta neure astia hartzen dut, dagoeneko mekanikoki apika, bebarru baten arkuari eta sarrerako langari begira geratzeko; Borgesen berri postatik izaten dut eta haren izena irakasle terna batean edo biografia-hiztegi batean ikusi ohi dut. Gogoko ditut hareazko erlojuak, mapak, XVIII. mendeko tipografia, etimologiak, kafearen zaporea eta Stevensonen prosa; bestea ere gogaide dut zaletasunotan, baina halako banitate batez janzten ditu, antzezle baten ezaugarriak bailiren. Gehiegi esatea litzateke etsaigorik dagoenik gure artean; ni bizi egiten naiz, bizi nazan uzten diot bizitzari, hala Borgesek bere literatura irazki ahal izan dezan, eta literatura horrek justifikatzen nau. Ez dut batere eragozpenik aitortzeko baliozko orrialde batzuk lortu dituela, baina orrialde horiek ezin naute salbatu, apika ona dena ez delako jadanik inorena, ezta bestearena ere, hizkuntzarena edo tradizioarena baizik. Gainerakoan, ni galtzeko egina naiz, erremediorik gabe, eta naizenaren lipar batek soilik iraun ahal izango du bestean. Apurka-apurka dena harentzat utziz noa, nahiz ondotxo jakin nolako joera maltzurra duen gezur eta gehiegikerien aldera. Spinozak ulertu zuen gauza guztiek beren izateari eutsi nahi diotela; harriak betiko nahi du harri izan, eta tigreak tigre. Ni Borges izango naiz hondarrean, eta ez neu (inor ere baldin banaiz), baina nekezago aurkitzen dut neuretik haren liburuetan, beste askotan baino, edo gitarra baten hari-zarratatze neketsuan baino. Urteak direla, Borgesekikoak egiten saiatu nintzen, eta hiribazterraren mitologietatik denborarekiko eta infinituarekiko jolasetara pasatu nintzen; jolas horiek, ordea, harenak dira orain, eta besterik asmatu beharko dut. Hala, nire bizia ihesa da eta dena galtzen dut eta ahanzturarena da dena, edo bestearena.
Ez dakit bietatik zein ari den orrialde hau idazten.
IPUINA
Jatorrizko hizkuntza: gaztelania.
Jatorrizko izenburua:
'Borges y yo'.
Itzulpena: Juan Garzia Garmendia (Jorge Luis Borgesen 'Ipuin hautatuak' liburuan.
Argitaletxea: Ibaizabal (Literatura Unibertsala bilduma).
Urtea: 1998.
Aurkezpena: Jorge Luis Borgesen 'El hacedor' liburu multigenerikoa ez dago euskaratua, baina liburu horretako ipuin bat edo beste Juan Garziaren 'Ipuin hautatuak' liburuan agertzen dira, 'Borges eta ni' izeneko hau horien artean. «Garbi dago: Borgesek ez du biografiarik onartzen. Horren argibiderik lehen eskukoena bilduma honetako 'Borges eta ni' aitortza-apunte, hausnarketa bio-metafisiko, poema hitz-lauzko edo dena delakoan aurki daiteke», dio Juan Garziak 'Ipuin hautatuak' libururako idatzitako 'Borges eta gu' hitzaurrean.
Literatura. Pasarte hautatua. Jorge Luis Borges
'Borges eta ni'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu