Askoren ustez, Jaroslav Hasek, Karel Capek eta Milan Kunderarekin batera XX. mendeko idazle txekiarrik garrantzitsuena izan da Bohumil Hrabal (Brno, 1914 - Praga, 1997). 27 hizkuntzatara itzuli dituzte haren lanak, eta nazioartean Kundera bezain ezaguna ez bada ere, ziurrenik hark baino gaitzesle gutxiago izango ditu egungo Txekiar Errepublikan. Izan ere, Kunderak ez bezala, Hrabalek ez zuen sekula jaioterria utzi, ezta ama hizkuntza ere. Era berean, haren izen-abizenak Pragarekin estuki loturik daude, Kunderak berak dioenez: «Bohumil Hrabalek inork ez bezala hezurmamitzen du Praga liluragarria. Maisuki uztartzen ditu hango herri umorea eta irudimen barrokoa».
1935ean Brno utzi, eta izena eman zuen Pragako Univerzita Karlovan; Zuzenbidean, hain zuzen. Ikasketak ezin izan zituen 1946ra arte amaitu, nazien okupazio garaian itxita egon baitzen unibertsitatea. Bitartean, hainbat lanbidetan aritu zen: gerra garaian, trenbideetako behargin; gero, aseguru etxe batean bi urtez; saltzaile bidaiari gisa ere aritu zen, baita eskulangile moduan ere, altzairu lantegi batean. Larriki zauritu eta gero, birziklatze planta batean lan egin zuen paper paketatzaile gisa, eta, azkenik, antzoki bateko makinista izan zen, 1962 arte. Urte hartan erabaki zuen soilik idaztetik bizitzea, eta, helburu hori lortze aldera, idazteari ekin zion taigabe.
Bohumil Hrabal kontalari aparta izan zen, estilo berezikoa. Maiz erabiltzen zituen esaldi luzeak eta luzatuak (esaterako, Dantza lezioak adineko direnentzat nobela osoa esaldi bakarrean idatzita dago). Era berean, harreman gatazkatsuak ere sarri agertzen dira; gizabanakoaren kontzientzia moralaren eta gizartearen eskakizunen artekoa, batik bat. Hrabalen pertsonaien artean, ergel jakintsu direlakoak nabarmentzen dira; Shakespeareren clown klasikoen antzera, itxuraz tentel huts direnek sakontasun printza harrigarriak isurtzen dituzte beren jarioan.
Hrabalen pertsonaiek maiz erabiltzen dute umore trauskila; maite dute haragikeria, eta bizi-baldintza zinez gogorrak izan arren, erabakitasun sendoa erakusten dute bizirik irauteko eta bizitza gozatzeko. Horrez gain, edertasunaren eta krudelkeriaren elkarbizitza egunerokoa ageri da Hrabalen literatur lanetan. Esaterako, xehetasun handiz deskribatzen ditu gizakiek animaliei eragindako oinaze biziak.
Idazle bizi eta hil
Bohumil Hrabalek poesian eman zituen lehen pausoak literaturan. Horren lekuko da 1948an apailaturiko poema bilduma: Ztracená uliãka (Korridore galdua). Berrogeita hamarreko hamarkadan, JiÞi KolaÞ artistak gidaturiko underground literatur taldean parte hartu zuen. Ipuinak idazten zituen, baina ez zuen asmorik haiek argitaratzeko. Edonola ere, 1956an bi ipuin argitara eman zituzten Pragako literatur urtekari batean.
1959an, lehen liburua argitaratzeko zorian izan zen, baina atzera bota zuten argia ikusi baino astebete lehenago. Azkenerako, 1963an eman zuten argitara, Perliaka na dne (Perla Hondoan) izenez. Hurrengo urteetan atera zituen lanik ezagunenak: Tanecni hodiny pro starsia pokrocile (Dantza lezioak adineko direnentzat) 1964an, eta Ostre sledovane vlaky 1965ean. Azken hori da euskaraz daukagun bakarra, Zorrotz begiratutako trenak izenez Fernando Reyk itzulia.
1968an, Varsoviako Ituneko tropek Txekoslovakia okupatu zutenean, argitaratzeko debekua ezarri zioten Hrabali. Zazpi urte geroago, Tvorba aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean, «autokritika» egin zuen Hrabalek, debekua kentze aldera: «Idazle txekiar gisa, neure burua ikusten dut txekiar jendeari lotua, eta haren iragan eta etorkizun sozialistari halaber». Horren ondorioz, argitaratzeko baimena eman zioten, baina aurkariak ere sortu zitzaizkion. Zenbait gazte disidentek Hrabalen liburuak erre zituzten, eta Karel Kryl abeslariak «puta» izendatu zuen.
Nolanahi ere, Hrabalek idazle ibilbide aberatsa eta oparoa izan zuen, 1997an hil zen arte. Bulovka ospitalean zegoen, eta, itxura denez, usoei jana ematen ari zelarik erori zen bosgarren solairuko leihotik. Halabeharrez —edoez—, bosgarren solairuan bizi izan zen Pragan, eta haren nobela batzuetan ageri dira bosgarren solairutik beren buruaz beste egiten duten pertsonaia batzuk. Hrabalen gurariak errespetatuta, haritz egurrezko hilkutxa batean lureman zioten haren gorpuari. Hilkutxak bi hitz zeuzkan idatzita: Pivovar Polná (Polna Garagardotegia). Izan ere, leku hartan ezagutu zuten elkar Bohumil Hrabalen gurasoek.
Hara zer argitaratu zuten Ostiela! aldizkarian, 1997ko udaberriko alean: «Bizirik zela, askotan esan izan zuen bere omenezko plaka edo plazarik ez zuela ikusi ere egin nahi, zakurrek bertan txiza egiteko moduan ez bazen behintzat. Bere zaleek, halere, Bohumil zena gogoratu nahi izan dute eta, horretarako, idazle haren omenezko plaka bat ipini dute Pragako plaza batean, lurretik 15 zentimetrora, zakurrek beren eginbeharrekoak egiteko moduan. Besterik ez zuen nahiko hark! Hori da umorea hori!»
Literatura
Bosgarren solairutik, Praga
Gaurkoa bezalako egun batez, orain dela 50 urte, idazle profesional izateko deliberoa hartu zuen Bohumil Hrabalek. Duela 15 urte hil zen, leihotik amilduta, Txekoslovakia ohiko idazlerik handienetako bat izan zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu