Boterearen aurka, rocka

Bruce Springsteenek 'Wrecking Ball' diskoko kantuak eta mitikoak uztartuko ditu gaur Donostian

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Krisia esaten dioten mamutzar horrek ez du barkatzen. Krisi ekonomiko globalari atzaparrak erakusteko argitaratu du aurten berton Wrecking Ball diskoa Bruce Springsteenek. Zailtasun ekonomikoak dituztenen alde, bankero eta boteretsuen aurka. Hala mintzo da nola kantuetan hala kontzertuetan egin ohi dituen solasaldietan, baina The Bossek ezin du dena ere kontrolpean izan, hari ere krisiak eragin egiten dio, nahiz eta neurri txikiagoan izan.

2008an Anoetako estadio berean eman zuen kontzertua, uztailaren 15ean. Sarrera guztiak aurrez saldu zituen ordukoan. 2009ko uztailaren 26an, Bilboko San Mames futbol zelaia bete zuten 50.000 zalek. Lau urtean Euskal Herrira hirutan etorri izanak eta sarrerarik merkeenak 60 eurotik gorakoak izateak —63 eurotik 83 eurora bitartekoak dira— izango du eraginik azken unera arte sarrera guztiak saltzeke egoteko. Kontzertuaren aurretik—21:00etan hasiko da kontzertua, eta ez da beste talderik arituko— salgai jarriko dituzte sarrera merkeenak eta garestienak, 45.000 lagunentzako aforoa bete ahal izateko.

Futbol zelaian hutsune batzuk izanagatik, Springsteen eta bereak ez dira kikilduko, ordea. Maiatzaren 13an hasi zuen Europako bira musikari estatubatuarrak. Bartzelonan aritu zen maiatzaren 17an, Frankfurten hilaren 25ean eta Berlinen iragan asteazkenean. Guztietan erakutsi du ohiko jarrera oldarkorra, fisikoa, energiaz beterikoa. Kronika gehientsuenek nabarmendu dute rock anglosaxoiko ikonoaren indarra, nahiz eta bakar batzuek kontrapuntua ere ezarri duten, betikotik dakarrela esanez eta betiko hori indar gutxiagoz ematen duela azpimarratuz.

Bartzelonako kontzertua ezarritako ordua baino 50 minutu beranduago hasi zuen, baina modu hunkigarrian eta errealitateari aurrez aurre begiratzen diola agerian utziz. Last Dance kantuaren notekin igo zen oholtzara, ordu batzuk lehenago zendutako Donna Summer kantaria gogoan. Eta jarraian etorri ziren amorruzko kantu eta orroak. Azken kontzertuetan eskaini dituen emanaldiei erreparatuz gero, ikus liteke hiru zati garrantzitsu izan ohi dituela ikuskizunak. Hasierak eta bukaerak, aldaketa txiki batzuk gora-behera, antzeko errepertorioarekin osatzen ditu Springsteenek. Tarteko zatian egiten ditu aldaketa handienak, ia 40 urteko ibilbide oparoan bildutako kantu zerrenda amaigabe eta malguari esker.

Errepertorio malgua

Kontzerturik gehienak Badlands piezarekin hasten ditu, 1978an kaleraturiko Darkness on The Edge of Town diskoko single izan zenarekin. Berlinen salbuespena egin zuen, Wizz Jones folk kantugile ingelesarenWhen I Leave Berlin kantatu baitzuen. Bere azken laneko Jack of All Trades M-15 mugimenduko kideei eskaini zien Bartzelonan, katalanez eskaini ere. «Zuek hor bazaudete eta gu hemen bagaude, haiek ere gurekin daude», esan zuen. Lan berriko dozena erdi kantuk ez dute huts egiten: We Take Care of Our Own, Wrecking Ball, Death to My Hometown, We Are Alive,Shackled and Drawn eta bisen hasierarako laga ohi duen Rocky Ground entzuteko aukera handia izango du kontzertura doanak.

Bigarren zatian, The River, The Rising, Lonesome Day, Promised Land edota Thunder Road eta Johnny 99 indartsu batzuk entzun ahal izango dira, betiere egunerako aukeraturiko errepertorioaren arabera. Kontu segurua da uneren batean edo bestean eraberrituriko The E Street Band taldeko musikari guztiek izango dutela euren unea kontzertuan eta kanturen batean agertokiko ertzera hurbilduko direla guztiak batera, taldeko indar erakustaldia eginez.

Kontzertuaren amaierarako gordetzen ditu New Jerseyko musikariak Born in The USA, Born to Run, Bobby Jean, Dancing in The Dark, Glory Days eta, erremate modura, kontzertuko unerik gizatiar eta hunkigarrienetakoa ekarriko duen Tenth Avenue Freeze-Out. Urte luzez taldeko saxo jotzaile izandako eta iaz zendutako Clarence Clemons omenduko dute kantu horren konpasekin, Springsteenek mikroa zerura altxatuz eta pantaila batean Clemonsen irudiak agertzen diren bitartean. Taldeko saxo jotzaile modura Clemons beraren iloba Jake Clemons ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.