Literatura. Hirudia

Boterearen diskurtsoaz

Idurre Alonso.
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Joan zen astean Aiora Jakaren tesiaren irakurketako epaimahaikide izateko ohorea izan nuen. Tesi interesgarria inondik ere; bertan, Joseba Sarrionandiaren lana izan du aztergai Jakak. Baina ez da azterketa arrunta izan. Idazlearen ekoizpenak eta itzulpen-praktikak ikertu ditu, eta ohartarazi idazleak irakurleari egiten dizkion keinuak direla itzulpenetan idazleak egiten dituen hautaketak (alegia, zer itzuliko duen), moduak (nola itzuliko duen) eta itzulitakoa nola aurkezten duen. Horrela, idazleak itzultzen ari denarekiko nahiz jatorrizko testuaren literaturarekiko jarrera erakusten du.

Horrez gain, itzulpen-lana ere birsorkuntza dela erakutsi du Jakak, eta beraz, testu berriaren sortzaile (eta beraz, egile) bihurtzen dela itzultzailea. Azken batean, itzultzaile postmodernoa ez baita testuaren egiaren bila joango; berak aukeratuko du testuaren osotasuna itzuliko duen ala zati batekin geratuko den, erabakiko du nola itzuliko duen, erabakiko du izenburua mantendu edo aldatu egingo duen... Eta horrek guztiak ekarriko du euskarara itzulitako obra, adibidez, euskal literatur sisteman sartzea.

Une horretan bertan, ordea, euskal literatur sistema ezaugarritzeko arazoak sortzen zaizkigu. Izan ere, batzuek defendatzen dute dena bihurtzen dela euskal; alegia, itzulitako lana ere euskal literatura bihurtzen dela. Baina, defentsa horrek badu helburu bat, hain zuzen ere, euskal literaturaren (eta kulturaren, oro har) hibridotasuna aldarrikatzea.

Izan ere, azken aldian bolo-bolo dabil kultura guztiak hibridoak direlako ideia. Ondorioz, literaturak ere hibrido omen dira orain, alegia, kulturen arteko gurutzaketetatik sortuak, eta ondorioz (inplizituki edo esplizituki adierazten da) nazio-nortasun finkorik gabeak.

Egia da gaur egungo joerek ahalbidetzen dutela literaturak beste literaturekin harremanetan egotea; beste literaturen berri izateaz gain, delako literatur sistema aberastu egiten da horiei esker, eta gainera, harreman hori faktore garrantzitsu bihurtzen da literaturen garapenean. Hori, ordea, literaturen irekitasunean kokatuko nuke. Inola ere ez hibridotasunean. Halaxe dio Sarrionandiak berak ere: «Euskal kulturak duen gauza interesgarrienetakoa irekitasun hori da, ene ustez, tradizio desberdinak jasotzearena» (Ni ez naiz hemengoa,135).

Baina jakina, ondorio soziopolitiko eta kultural desberdinak dituzte irekitasuna aldarrikatzeak edo hibridotasuna aldarrikatzeak. Hezkuntzaren alorrean, esaterako, hibridotasunaren hatsarrearekin ez genuke sortzez euskarazkoak diren lanak ezagutarazi beharrik; azken buruan, dena da euskal.

Hitzak ez dira hutsalak, eta terminologiaren garrantziaz aritu behar da berriro ere; Euskadiko Selekzioa eta Euskal Selekzioa berdinak ez diren bezala, ez da gauza bera «euskal literatura» (sorburu hizkuntza euskara duena) eta «euskarazko literatura» (euskaraz sortua edo euskarara itzulia).

Esan beharra dago, baina, Estatu baten babespean naziotasuna finkatuta eta bermatuta daukaten herrialdeetatik iristen zaizkigula nazio-literaturen ideia gainditu egin behar delako mezuak; alegia, «dena da hibrido, ez dago nazio-literaturaz hitz egiterik». Eta gainera, herri honetan ohi dugun legez, naziotasunaz hitz egitea lehengo garaiez (gaindituta dauden jarrerez) hitz egitea dela sinetsarazi nahi digute. Orain, euskal literatura «homologatzeko» kanpoan saldu beharra dago; bestela, gurea ez da literatura izango. Eta jakina, kanpoan saltzeko, errazagoa izaten da norbere nortasunari uko egin eta besteen kultura asimilatu dugula erakustea.

Ez nau kezkatzen Estatudun nazioek hori aldarrikatzea. Kezkatzen nau, eta asko, boterearen diskurtso horrek Euskal Herrian hartu duen indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.