Donostiako Zinemaldiaren 62. ekitaldiaren ardatz nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean, Maria Cristina hotelean egindako agerraldian, Jose Luis Rebordinos zuzendariak eta Maialen Beloki eta Joxean Fernandez zuzendaritza batzordeko kideek. Sail Ofizialeko epaimahaia zeinek osatuko duen espero zen, baina Rebordinosek jakinarazi du datorren astean emango dituztela epaimahaikideen izenak, haietakoren bat etorri ahal izango den baieztatzeko dutelako.
Zinemaldia irailaren 19tik 27ra bitartean egingo da, eta Richard Linklaterren Boyhood-ek jasoko du bertan Fipresci saria, nazioarteko kritikak urtero ematen duena.
Gainontzean, jaialdiak iraungo duen egunetan Donostian izango diren aktore ugariren izenak eman dituzte antolatzaileek gaur.
Jessica Chastain aktoreak The Disappearance of Eleanor Rigby filma aurkeztuko du Perlak sailean, eta Relatos salvajes filmarekin, bestalde, Pedro Almodovar (ekoizlea), Damian Szifron (zuzendaria) eta Ricardo Darin (protagonista) izango dira.
Willem Dafoe aktoreak ere aurkeztuko du protagonista duen filma Perlak sailean, Abel Ferrararen Pasolini filma alegia, baita Laurent Cantet zuzendariak eta Jorge Perugorría aktoreak ere (Retour à Ithaque / Return to Ithaca). Sail horren emanaldietara bestelako zinemagile batzuk ere joango dira, hala nola Naomi Kawase (Futatsume no mado / Still Water), Diego Luna (Chávez), Mathieu Amalric (La chambre bleue / The Blue Room), Ira Sachs (Love Is Strange) eta Celine Sciamma (Bande de filles / Girlhood).
Viggo Mortensenek Jauja filma aurkeztuko du Horizontes Latinos sailean, Lisandro Alonso zuzendariarekin batera. P'tit Quinquin telesailaren premierean, halaber, bere zuzendari Bruno Dumontek hartuko du parte Zabaltegi sailaren barruan. Sail horretan estreinatuko da Negociador (Negoziatzaile) filma ere; Borja kobeaga zuzendariak zein Ramon Barea, Josean Bengoetxea eta Carlos Areces protagonistek aurkeztuko dute, irailaren 22ko Zinemira galan.
Denzel Washington aktoreak —Donostia saria jasoko du— eta Antoine Fuqua zuzendariak emango diote hasiera Zinemaldiari, irailaren 19an, The Equalizer filmarekin. Irailaren 27ko amaierako ekitaldiko gonbidatuak, berriz, Charlotte Gainsbourg eta Omar Sy aktoreak zein Olivier Nakache eta Eric Toledano zuzendariak izango dira, Samba filmarekin.
Perlak sailari amaiera emango dio Benicio del Toro Donostia saridunak, irailaren 26an, Josh Hutcherson, Claudia Traisac eta Carlos Bardem aktoreekin zein Andrea di Stefano zuzendariarekin batera, klausurako Escobar: Paradise Lost filma aurkeztuz.
Pedro Olea zuzendari bilbotarrak, berriz, Zinemira saria jasoko du.