New Orleansko jazz saxojotzaile sonakoa da Branford Marsalis, are ezagunagoa den Wynton jazz musikariaren anaia, eta Donostiako nahiz Gasteizko jazz jaialdietan behin baino gehiagotan aritu izan dena. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) gonbidatu izar modura ariko da gaur eta bihar Donostiako Kursaalean (20:00etan), eta igandean Bilboko Euskalduna Jauregian (20:00etan).
Andrey Boreyko orkestra zuzendari errusiarrak gidatuko du kontzertua. Lehen ere EOSen zuzendari gonbidatu nagusi modura lan egindakoa da, eta ondo asko ezagutzen du Branford Marsalis ere, ez baitute alferrik lan egin elkarrekin beste lau alditan. Euskal Herrian eskainiko duten egitarau bera emandakoak dira orain hurrena New Yorken.
Bai Boreykok eta baita Marsalisek ere erakargarritzat ez ezik, beharrezkotzat jotzen dute musika klasikoaren eta jazzaren arteko zubiak eraikitzea. Euskal Herriko hiru kontzertuetako egitaraua horren adibide da. Batetik Alexander Glazunov egile errusiarraren saxofoi eta orkestrarako kontzertua eskainiko dute, ukitu klasiko nabarmena duena, eta bestetik, Erwin Schulhoff konpositore txekiarraren Jazz Concerto emango dute, jazz lengoaiatik hurbilago dagoena. Horrez gain, kontzertuari hasiera eta amaiera EOS berak emango dio, bakarlariaren parte hartzerik gabe, Antonin Dvoraken Lau Dantza Eslaviar eta Maurice Ravelen La Valse-rekin, hurrenez hurren.