Animazioaren generoan Pixar eta Dreamworks ekoiztetxeen arteko gerra ezagutu dugu azken urteotan. Teknologia berrienak baliatuta, estudio horiek bultzada handia eman diote generoari, eta oso film onak sortu dituzte azken hamarkadan. Argi dago gerra nork irabazi duen, eta ematen du dagoeneko Dreamworksek galdutzat eman duela norgehiagoka.
Baina hori guztia gertatzen ari zen bitartean, zarata handiegirik sortu gabe, Chris Wedgek eta Carlos Saldanhak Ice Age filma egin zuten, 20th Century Foxen babespean. Pelikulak ustekabeko arrakasta lortu zuen, eta horrek aukera eman zion Saldanahari lan haren bi jarraipen egiteko. Horrez gain, brasildarrak argi utzi zuen animazioaren eremua Pixar eta Dreamworksen guda zelaia baino zabalago eta aberatsagoa zela.
Bigarren Ice Age-n lanean ari zela, Carlos Saldanha Rio izanen zenarekin bueltaka hasi zen. Bere sorterriari omenaldi moduko bat egin nahi zion zuzendariak, eta poloko izotz hotzetatik Brasilgo klima berora eraman bere irudimena. Hona hemen emaitza, Rio de Janeiron gertatzen den abentura koloretsua.
Blu txoria da protagonista. Hegal egiten ez dakien guakamaio ahalkea da. Bere espezieko azken alea dela sinetsarazi diote, eta horrek balio handia ematen dio txoriari. Jewel guakamaio emea ezagutuko du, libre bizi den animalia basatia. Elkarrekin abentura bat hasiko dute, eta inauteriak ospatzen ari den Rio de Janeiroren ederra ezagutuko dute.
Brasilen girotutako filma izaki, musikari garrantzi berezia eman nahi izan dio Saldanhak. Horrela, Carlinhos Brown, Bebel Gilberto eta Brasilgo beste musikari ezagunen abestiak entzuten ahal dira Rio-n. Horrez gain, pelikula hiru dimentsiotan ikusteko aukera dago.
'RIO'
Zuzendaria: Carlos Saldanha.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 96 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Hurrengo astean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Brasilgo kolore eta berotasuna
Guakamaio bat protagonista duen animazioko film bat egin du Carlos Saldanha zuzendariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu