Bretainian izan da oraintsu Anjel Lertxundi idazlea. Hamar egun egin ditu han, eta ikusi, entzun eta bizitakoaz zortzi erreportaia egin ditu. Horiek guztiak Berrian emango ditu argitara, bihartik hurrengo asteko igandera arte. Baina Bretainia zer-nolakoa den azaldu baino gehiago, bere begiekin ikusi duen hura kontatu nahi dio Lertxundik irakurleari. «Bidaia baten testigantza zintzoa eman. Turistak egingo lukeen deskripzio hutsetatik harantzago egin, eta beste pauso bat eman: nire begiak nolakoak diren erakutsi». Halaber, Euskal Herriarekin antz handia duen arren, euskaldunok hangoaz informazio gutxi dugula uste du idazleak. Hala, Bretainia, hain hurbil, hain ezezagun du izenburu kazeta honentzat idatziriko erreportaia bildumak.
Anton Txekhovek esan zuenez, erreportaia on bat egiteko, ezinbestekoak dira hiru gauza: argazki kamera, koadernoa eta zapatila onak. Lertxundik bete-betean jarraitu du idazle errusiarraren gomendioa, eta zapatilak jantzi ditu. Oinez eta trenez egin du bidaia. «Denbora aurrezteko hartu ohi dugu autoa, baina nire ustetan autoa hartuta denbora galtzen baino ez gara ari». Erreportaiak egiteko, nagusiki, kaleko jendearekin mintzatu da Lertxundi; tabernariekin, taxi gidariekin, liburu saltzaileekin... Eta kalean, trenean eta tabernetan entzundako jendearen arteko solasaldiei arreta berezia eskaini die, herri bat ezagutzeko aukera paregabea iritzi baitio horri. «Autoa hartuta ezingo nuke hori egin, errepideari erreparatu beharko nioke, eta gainera, ez nuke hango jendearekin egoteko aukerarik izango». Lertxundik bakarrik egin du bidaia. Koadernoa besapean, eta argazki kamera lepoan. Bretainian barrena zortzi geldialdi egin ditu leku haietako bakoitzari erreportaia bat zuzendu dio. Naoneden (Nantes) hasi zuen bidaia ekainaren 7an. Bretainian aurretik egona zen idazlea, baina Naoned ez zuen ezagutzen. Katedrala bisitatu ondotik, Fnac liburu dendan izan zen. Gauza batek harritu zuen: «Lehenago Naonedeko burtsa izandako eraikinean dago liburu denda. Hori erabat ezohikoa da. Sarri gertatu ohi da lehen liburuak zeuden tokian orain diruari lotutako zeozer egotea; aldiz, liburuek dirua ordezkatu izana arraroa da oso».
Bidaiak iraun zuen hamar egunetan ezustekorik ez zuela izan dio Lertxundik, baina gauza batek baino gehiagok harritu dute idazlea. Gwened (Vannes) herrian bretoieraz mintzo da jende andana. «Herri turistikoa izanik ere ez du hizkuntza galdu. Hori ez nuen espero». Hango katedraleko organoari gaitaren soinua erantsi diote, eta Lertxundiri otu zaio organo hura Pako Aristi idazleak jo dezakeela. «Biak jotzen ditu eta: organoa eta gaita». Umoreak badu lekua Lertxundiren erreportaietan. Baita aktualitateak ere. An Alre (Aurai) kostako herrian izaniko bizipenen inguruko erreportaia idaztean, arrantzaleez gogoratu da. Beren arazoez.
Kemperren (Quimper), eskolak bretoieraz ematen dituzten irakaskuntza zentroetako Diwan izeneko elkarteko gurasoekin egon zen Lertxundi. Hemengo ikastolen antzera sortu omen ziren hango zentroak, eta, besteak beste, hori berori kontatuko du Bretainiari eskainitako laugarren erreportaian.
Bretainia eta Jon Mirande
Bidaiako bosgarren geldialdia Kastellinen (Chauteaulin) egin zuen. Bretainia ezagutu nahi duenarentzat herri horrek ez duela aparteko interesik dio Lertxundik. Bera beste zerbaitek bultzatuta joan zela hara: «Jon Mirande egon zen eroetxea ezagutu nahi nuen». Zentroko arduradunarekin hitz egin zuen. «Baina ez zidan Miranderi buruz ezer kontatu, ezin zuen-eta; beraz, eroetxeari buruz aritu ginen, batez ere». Mirandek Bretainiarekin izan zuen lotura estuaren inguruan idazteko aitzakia izan du hori. Hartarako gogoa aspalditik zuen Lertxundik. «Mirandek hain ongi ezagutzen zuen hura gaur nola ikusten den kontatu nahi nuke», aurreratu zuen iaz, berripaper honentzako idatziriko Sei hiri, sei Italia izenburuko erreportaia sorta aurkeztean.
Gogoak Sant-Maloura (Saint-Malo) eraman zuen ondoren. «Oso herri turistikoa da, Bretainiako turistikoena beharbada, baina badu abantaila bat nire moduko bidaiari batentzat: antikuario ugari eta liburu denda asko daude. Beste inon ez dauden liburu eta objektuak aurki daitezke Sant-Maloun». Egiazko herriari buruz idatzi du orobat. «Ibaiaren bestaldean dagoen industri herri eta langileei buruz». Roazhonen (Rennes) orduak eman zituen Arte Ederretako museoan. Margolari bretoi baten obrek eman zioten atentzioa: Genevieve Asseren pinturek, hain zuzen. «Mark Rothkoren margoak ekarri zizkidaten gogora».
Azken erreportaia idazteko, Mont-Saint-Michel bisitatu zuen Lertxundik. «Hondartza baten erdian dagoen mendia da hori. Ikaragarria da. Mareak abiadura bizian egiten du gora, korrika ari den zaldi bat eta guzti harrapa dezake. Leku zoragarria da, literatura frantsesean askotan aipatua, normandoen eta bretoien arteko borroken ardatza izan baita denbora luzean».
LITERATURA
Bretainia, Lertxundiren begietatik
Hamar eguneko bidaia egin du idazleak, eta han ikusitakoarekin BERRIAn argitara emango duen erreportaia sorta idatzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu