«Burujabetza maila handiagoa» eskatu dute Galeuscako idazleek

Beren nortasunen onarpenean «atzerapausoak» izan direla salatu dute adierazpen batean

Galeuscako idazleak, duela hiru urte, Valentzian. ALBERTO BARANDIARAN.
Juan Luis Zabala
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Beren nortasunen onarpenean «atzerapausoak» ikusi dituztela salatu dute euskaraz, galizieraz eta katalanez idazten duten elkarteetako idazleek herenegun eta atzo Bartzelonan egin duten Galeusca federazioaren biltzarraren ondoren zabaldu duten adierazpenean. «Beste behin ere ohartarazi behar dugu Espainiako Estatuan ez dagoela hizkuntza aniztasunaren kulturarik, azken 30 urteetan ez baitu erakutsi hezkuntza girorik sortzeko borondaterik bizikidetza demokratiko egiazkoa eta elkarren arteko ulermena egon dadin estatu horren eremuko hizkuntzen eta literaturen artean, betiere kultura espainolaren destino historikoaren mito anakroniko horren menpekotzat joz», diote adierazpenaren puntuetako batean.

«Estatu espainol bateratua birzentralizatzeko ahalegin berrien aurrean», EIE Euskal Idazleen Elkarteko AELG Galizierazko Idazleen Elkarteko eta AELC Katalanezko Idazleen Elkarteko idazleek oroitarazi dute «hemen ordezkaturiko nazioen burujabetza maila handiagoak bakarrik» berma dezakeela euren «normaltasun egiazko eta osoa berreskuratzea». Beste puntu batean, berriz, sinatzaileek babesa adierazi diete euren «hezkuntza sistemetan ezarritako murgiltze ereduei». «Hori baita modu egokia geure hizkuntza eta kultura gutxituak berreskuratzeko», azaldu dute.

«Gu ikusezin bihurtzeko eta gure izaera kultural nahiz nazionala manipulatzeko eta lausotzeko ahalegin ororen kontra, sormen lanetan geure hizkuntza erabiltzen dugunak gara idazle euskaldun, galiziar eta katalanak, hau da, euskara, galiziera eta katalana darabilgunak», diote beste pasarte batean. Horrez gain, harremanetan eta elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

@Adierazpena osorik irakurtzeko: http://www.berria.info/dokumentuak/dokumentua833.pdf
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.