Cantinflas gaur duela ehun urte jaio zela ospatzen ari dira Mexikon

Mario Morenori buruzko filma atzeratu egin dute, ez baitute erabaki nork jokatuko duen haren rola

Agentziak
Mexiko Hiria
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Filmategi Nazionalean eta beste hainbat erakunderen gune eta aretoetan egindako film emanaldiekin ari dira gogoratzen egunotan Mexikon Mario Moreno Cantinflas aktorea duela ehun urte jaio zela, 1911ko abuztuaren 12an. Ezin izan dute, ordea, Cantinflasi buruz Alejandro Gomez Monteverde egiten ari den filma estreinatu, egitasmoa atzeratu egin delako. Cantinflas zenaren iloba Eduardo Moreno Laparadek adierazi duenez, Gomez Monteverde zuzendariak esan dio oraindik ez dagoela erabakita nork jokatuko duen Cantinflasen rola. Oscar Jaenada espainiar aktorea izango zela esan zuten hasieran, baina orain beste aktore batzuen izenak aipatu dira, Diego Luna eta Carlos Espejel batez ere.

Cantinflas izeneko pelado-aren rolean egin zen ezagun Mario Moreno, eta ezizen horrekin geratu zen betiko. Auzo txiroetan hazia zen, eta bete-betean asmatu zuen gaztetxo zelarik kalean ikasitako trikimailuak filmetan azaltzen, kasurik gehienetan boteretsuenen aurka. Charlie Chaplinen aurreneko filmen eragina aitortu zuen beti.

Komedia edo musikalen arloko aktore onenaren Urrezko Globoa jaso zuen 1957an, Around the World in Eighty Days filmean egindako lanarengatik. Aurretik Mexikon egindako filmen artean, Ahí está el detalle eta Ni sangre ni arena dira ezagunenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.