Carlisle Floyden 'Susannah' lehen aldiz aurkeztuko du OLBEk Bilbon

Musikagileak azaldu du obran nabarmena dela 50eko hamarkadan McCarthyk sustaturiko jazarpen giro itogarria

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Carlisle Floyd konpositore estatubatuarraren Susannah erakutsiko du Opera Lagunen Bilboko Elkarteak, Euskaldunan, bihar. Beste hiru emanaldi izango dira: hilaren 19an, 22an eta 25ean. Gehien antzezturiko operetako bat da Susannah, baina Euskal Herrian ez da sekula ikusi. 50eko hamarkadako AEBetan girotua dago, eta intolerantzia ardatz duen istorioa kontatzen du, Susannah Polk gaztearena. Latonia Moore soprano estatubatuarrak jokatuko du haren rola, eta Stuart Skelton tenore australiarra eta James Morris baxu estatubatuarra izango ditu alboan. Chicagoko Opera Lirikoak eta Houstongo Opera Handiak ekoitzi dute.

Tennessee estatuko landa eremuko herri txiki bateko biztanle itxi eta puritanoek Susannah pekataria dela zabalduko dute, eta latzak pasatuko ditu. Floydek berak Bilbon azaldu duenez, «McCarthy senataria komunistei eta homosexualei jazartzen zitzaieneko garaiko giroa nabarmena da operan». Amaiera «mikatza» duela aurreratu du. «Komunitate bati desafio egitea garesti ordaintzen dela erakusten du Susannahren ibilbideak». Estilo posromantikoa agerikoa izan arren, operak baditu folk amerikarreko eta gospeleko zertzeladak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.